UDATE | IPAR EKHIAN, jon garmendia, idazlea
Aitzolen ordularia
Gogoan ditut ordulariari begira bizi gineneko garaiak. Galtza motzetan oraindik, jendearen eskumuturrari zuzentzen zitzaion gure begirada, eta zein ordutan bizi ginen jakiten genuen haietako bati galdetuz. Gainera, ilusio gehiago egiten zigun markako ordulari bat ikusi izanak ordua jakiteak baino. Ohartu gabe alde egiten zigun denborak eskuetatik, baina gure besoaren atalik meharrenean ez zen erlojurik pausatzen, antza, gurasoek ez zeukaten aski dirurik alferrik baliatuko genuen zerbaitetan xahutzeko. Agian, horregatik bizi ginen berandu; berandu iristen ginen bazkaltzera, berandu afaltzera, eta beranduegi, ezartzen zizkiguten ordutegi orotara. Orain ez da garaian bezainbat ordulari ikusten karrikako jendearen artean, beharbada, denboraren neurgailua, telefonoetan gordetzen dugulako sakelaren barnean, baina lehen bezala, oharkabean alde egiten digu eskuetatik. Kartzelan desberdina da, han orduek ez dute abiadura bera. Eta kartzelan eta gaixorik dagoenarentzat, are desberdinagoa da denboraren erritmoa. Osasuntsu dagoenari minutuak hirurogei segundo zehazten dizkio, baita gaixorik denari ere, baina honentzat eternitate bat bilakatzen dira sarri. Ospitalean gaixorik daudenek ere badakite zerbait horri buruz. Aitzol Gogorza hala dago, Basurtuko ospitalean, eta preso gainera, aske behar zukeenean. Ez da bakarra, baina ene ordulariaren orratzak beretzako akorduarekin ari dira itzulika. Eta berandu dela oroitzen didate, minutu bakarra dela berandu. Eta desira bakarra dut, ez dadila izan beranduegi.