UDATE
Hondartzak, hasi da inbasioa
Uztaileko bigarren astea. Eguraldi ezin hobea, hondartzaz jositako kostaldea. Eguzkitako krema eta bainujantzia hartu eta milaka lagunek urteroko pelegrinazioa hasi dute. Egoera paregabea izorratu nahian edo, marmokak ere agertu dira egunotan Euskal Herriko hainbat hondartzatan.
J. ZABALA
Kostata baina iritsi da «benetako uda» Euskal Herrira. Negu luzea atzean utzita, eta uztail sargoriari aurre egiteko, hondartzetara egin dute ihes herritar askok. Goizetik iluntzera arte itsasoan zein eguzkipean egotea izaten da askoren eguneroko plana. Baina dena ez da hain lasaia izan. Izan ere, asteon Gurutze Gorriak marmoken bandera jarri du Kontxan (Donostia) eta Malkorben (Getaria), prebentzio neurri gisa. Debako hondartzan ere, astearte arratsaldean bandera gorria jarri zuten marmokak zirela-eta; bainatzea debekatu zuten. Ziztadak oso arinak izan badira ere, deigarriak dira Gipuzkoako hondartzetan astelehen eta asteartean jasotako datuak; 270 eta 400 ziztada inguru, hurrenez hurren. Bizkaian, Karraspion (Lekeitio) eta Ondarroan agertu dira, aste hasieran. Astelehen arratsaldean, bi orduz bainua galarazi zuten Karraspion, badaezpada. Ondarroako hondartzan, asteazkenean eta pasa den astean hainbat marmoka ikusi zituzten, baina ez segurtasun protokoloa indarrean jartzeko adina.
Pelagia noctiluca da egunotan agertu den marmoka espeziea. Tamaina ertainekoa da, normalean 10 eta 20 zentimetro arteko diametroa izaten du, eta arrosa zein laranja kolorekoa da, batzuetan marroixka. Bere ziztadak arinak izaten diren arren, kontuz ibili beharra dago, min egiten baitute. Javier Franco San Sebastian Azti-Tecnaliako itsasoaren ikerketa saileko ikertzailearen arabera, ez dago marmokak agertu izana eragin duen ingurumen arrazoi berezirik. Korronteak eta haizea dira marmokak ekartzen dituzten faktore nagusiak, eta horien bidez heltzen dira kostaldera. «Baina gehiago edo gutxiago egotea ez da faktore zehatz baten ondorioz gertatu, ez du tenperaturarekin zerikusirik; organismo hauek dituzten jarraibideak oso aldakorrak dira».
Joan den udan legez, aurten ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak koordinatuta, karabela portugaldarra (Physalia physalis) aurkitzeko eta nora joango den aurreikusteko programa jarri dute abian. Jende askok hala uste duen arren, karabela portugaldarra ez da marmoka bat, sifonoforoa da, hainbat organismoz osatutako kolonia. Gainazaleko haizeek mugitzen dute, izan ere, aireko gorputz zatiak uretan flotatzen duen plastikozko poltsa baten itxura du, more kolorekoa. Baina ur barruko zatia ere badu, eta tentakuluek hainbat metroko luzera izaten dute. «Oso garrantzitsua da horrelako bat ikustekotan, ez hurreratzea, tentakuluek 10 metroko luzera izan dezakete». Ikerlariak dioenez, karabela portugaldarrek pozoi indartsua dute, eta ziztadak «oso mingarriak» dira.
Espezie arriskutsuena izanik, prebentzio programa jarri dute martxan. Zati bi ditu: batetik, karabelen begiztapena, eta, bestetik, datu horien bitartez, nora doazen aurreikusten saiatzea; kostaldera joango diren ala ez, eta noiz. Karabela portugaldarrak ikusiz gero, SOS Deiak-en 112 zenbakira deitu behar dute programan parte hartzen ari direnek, edo, irrati bidez, VHF 16 katetik, Itsasoko Salbamendu Taldera. «Informazioa Azti-Tecnaliara iristen da, ordenagailu bidez simulazio bat egiten dugu, ea ze ibilbide jarrai dezakeen marmokak, batez ere Euskalmet agentziak bidaltzen dizkigun datu meteorologikoak kontuan hartuta. Datozen lau egunetan karabelak nora joan daitezkeen jakin dezakegu, eta, hondartzetara hurreratu behar badira, informazioa ematen diegu, adi egon daitezen», azaldu du Franco San Sebastianek. Dena dela, aurten oso gutxi ikusi dituzte, orain arte, bat baino ez. Prebentzioa ezinbestekoa denez, jendearen parte hartzea eskatzen dute, eta, ohiko marmokak ikusiz gero ere, abisua emateko eskatzeko dute.
Uraren kalitate ona
Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako ikerketaren arabera, Hego Euskal Herriko hondartzetako uraren kalitatea «egokia» eta «bikaina» da, Areeta (Getxo) eta Toñan (Sukarrieta) izan ezik. Horietan bietan, bainu laburra hartzea gomendatu dute, eta, ostean, dutxa bat hartzea. Donostiako Udaleko oposizioak hiriko hondartzetako «utzikeria» salatu du, zikin daudela esanez. Nora Galparsoro Hondartzetako zinegotziak esan duenez, garbitzen eta zikinkeria erretiratzen ari da Udala. «Kostatik milia batzuetara zikinkeria zerrenda bat dago, eta haizeek eta mareek Landetara eraman ohi dute, baina azken mareek gure kostara ekarri dute», azaldu du. Zikinkeria asko sartu den arren, «isuritakoaren ondorio» ere badela azaldu du Galparsorok. Dena den, horrek ez du eraginik izan uraren kalitatean, ikuskatu egiten da, eta Donostiako hondartzen kalitatea oso ona da. Bestalde, Ondarretan pilatutako harriei buruz hitz egin du zinegotziak. Duela hamar edo hamabi urtetik agertzen dira, eta bi urte daramatzate gaiarekin lanean, hondartzaren jarraipena egiten, zeren ondorio den jakiteko. «Denak adierazten du hondartzaren morfodinamikaren arazoa dela, ez dela dinamikoki dagokion moduan jokatzen ari. Ondarretak giza interakzio altua izan du eta horrek eragin du harea guztia goiko aldean pilatzea; hala, beheko aldean, eremu bustian, ez dago harea nahikorik. Hori dela eta, beheko geruzetan dauden harriak azaleratu egiten dira». Uda hasieran harea mugimendu bat egin zuten hondartzan, eta egoerak hobera egin du.
Hondartzak, jendez lepo
Uztaileko lehen asteburuan jendez mukuru egon ziren Bizkaiko hondartzak; 30 gradu inguruko tenperaturei aurre egin nahian, 247.000 pertsona hurreratu ziren igandean. Aurreko asteburuan, berriz, jende gehien egon zen eguna larunbata izan zen, ekainak 29; ia 100.000 pertsona bildu ziren hondartzetan. Angeluk du Lapurdiko hondartzarik jendetsuena. Donibane Lohizune ere oso leku turistikoa da; neguan 13.500 biztanle inguru izaten dira, eta uda aldean, berriz, 80.000 pertsona.
Hondartzen denboraldian, urteko gainontzeko hilabeteetan aurkitu ezin daitezkeen zerbitzuez gozatzeko aukera izaten dute herritarrek; bainua hartzea baimentzen duten banderak, eguneroko garbiketa, ezinduentzako bainu lagundua, sorosleak... Ekainaren 1etik uztailaren 10era artean, 1.686 artapen egin dituzte Bizkaiko sorosleek: erredurak, ziztadak... 81 pertsona ere erreskatatu dituzte. Gipuzkoan, 869 osasun laguntza izan dira, eta 16 erreskatatu. Aurtengo berrikuntzen artean, Mundakako Laidatxu hondartzak egurrezko arrapala eta espaloia jarri ditu. Gainera, minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat zerbitzu pertsonalizatua eskainiko dute lehen aldiz. Ereaga (Getxo), Plentzia, Arena (Zierbena), Isuntza (Lekeitio) eta Laidan (Ibarrangelu) ere izango da zerbitzu hori abuztuaren 31ra arte, astelehenetik ostiralera. Gipuzkoako Gurutze Gorriak, “Goazen hondartzara” ekimenaren bitartez, etxetik edo zahar egoitzatik garraio egokituan Kontxako hondartzara eramateko zerbitzua eskaintzen du. Era berean, bainu lagundua ere egin daiteke. Makulu sistema berezia erabiltzeko aukera ere badago.