GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beñat Atorrasagastiren aurkako euroagindua ez du onartu Paueko Auzitegiak

Beñat Atorrasagasti euskal iheslariaren kontrako euroagindua ez onartzea erabaki zuen atzo Paueko Dei Auzitegiak, eta, hortaz, aske gelditu da, kontrol judizialik gabe. Uztailaren 16ean ezagutuko da Aranalde, Fernandez eta Zubillagaren kontrako euroaginduekin zer gertatzen den.

GARA |

Beñat Atorrasagasti euskal iheslari politikoa aske geratu zen atzo inolako kontrol judizialik gabe, Paueko Dei Auzitegiak espainiar Estatuak euskal militantearen kontra jarritako euroagindua atzera bota eta gero.

Kazeta.info webguneak azaldu zuenez, euroagindua ez onartzearen arrazoi nagusia akats juridiko bat izan zen. Izan ere, Atorrasagastiren euroagindu prozedurak 2003ko maiatzaren 30eko data du, eta, epaitegira aurkeztutakoak, ekainaren 13koa. Hori dela eta, lehen euroagindu hori ez dela existitzen argudiatu du epaitegiak, eta, hala, atzera bota du Espainiar estatuko justiziak eskatutako agindua.

Beste hiru iheslariak, zain

Jokin Aranalde, Ibon Fernandez eta Aitor Zubillaga euskal herritarren kasuak ere aztertu zituen Paueko Auzitegiak pasa den asteartean, baina datorren uztailaren 16ra arte ez da jakingo zer erabaki duen. Aipagarria da Zubillagaren kasuan Atorrasagastiren kasuan emandako akats juridiko bera errepikatzen dela; hau da, 2008ko ekaineko euroagindu batengatik atxilotu zuten ekainaren 25ean Saran, baina, aldiz, espainiar Estatutik igorri dituzten paperetan, 2013ko euroagindu bat aipatzen dute estradizioa eskatzeko. Hori dela eta, Maritxu Paulus Basurco abokatuak euroagindua baliogabetzea eskatu zion Paueko Auzitegiari. Amaia Rekarte abokatuak, bere aldetik, Atorrasagasti eta Zubillagaren kasuetan akats juridiko bera eman dela ikusirik, prokuradoreak bi auziak zergatik ez dituen alboratu galdetu zuen atzo.

Paueko Auzitegiko epaileak atzo Atorrasagastiren kasuan emandako epaia bi egun barru izango da ofiziala. Ordura arte prokuradoreak helegitea ezartzeko aukera izango du, baina, deliberoak esandakoarekin bat egin duela ikusita, ez da espero inolako saiakerarik egingo duenik.

MANIFESTALDIA

Hiru iheslarien atxiloketak salatu eta espainiar eta frantses estatuei bake prozesua bultzatzea exijitzeko uztailaren 20ean martxa deitu du Baionan Bake Bideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo