Estatuaren blokeoari planto egitera deitu du Xabier Bidaurre gazteak
GARA |
Segiko kartelak egitea egozten zioten karguak bertan behera geratu eta Auzitegi Gorenak absolbitu eta gero, Xabier Bidaurre gazte galdakoztarrak lagun eta senideekin batera agerraldi publikoa egin zuen atzo, berak lehen pertsonan pairatutakoaren pareko Estatu espainiarraren erasoen aurrean euskal gizarteari mobilizaziorako eta borrokarako deia egiteko.
Bidaurrek adierazi zuenez, berak sufritutako inputazioarekin «elkartasuna kriminalizatu» nahi izan dute Estatuko aparatuek. Era berean, bere kasuaz harago epaiketaren zain dauden «ehunka euskal herritarrez» oroitu zen gazte galdakoztarra. Adierazi zuenez, «inboluzio jarrera» horren aurrean, euskal gizarteak «argi utzi behar du ez duela Estatuaren jarrera onartzen, eraso errepresibo horiek kabidarik ez dutela».
Zentzu horretan, jarrera «immobilista» hori gainditzeko deia luzatu zuen Bidaurrek. Hala, eraso horien aurrean «mobilizatu, inplikatu eta planto egiteko» deia zabaldu zion euskal gizarteari gazte galdakoztarrak.
«Herriko tabernen» auzia
Estatuaren jarrerari aurre egiteko lehen jomuga 35/02 sumarioa salatzeko mobilizazioetan jarri zuen Bidaurrek: «Eratutako ilusio eta konpromisoa indartzen jarraitu behar dugu. Eraso guztien aurrean, herri harresia eraiki behar dugu».
Erantzun hori prestatzeko, datorren ostegunean, hilak 17, 18:30ean, Galdakaoko Santi Brouard plazan burutuko den asanbladan parte hartzeko gonbita luzatu zuen Bidaurrek.