GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Ilargira bidean...

 

Uztailak 14, frantsesek beraien «aberri eguna» ospatzen dute. Hori kontuan hartuta, eta igandea izanda, Tourreko 100. ekitaldia eta etapa Mont Ventoux mitikoan bukatzen zela, ez zegoen oso argia izan beharrik aurreikusteko ihesaldia hartzeko kristoren egurra egongo zela eta segur aski txirrindulari frantses ugari egongo zela bertan.

Horrela, etapako aurreneko bi mendateak igo eta gero, Chavanel, Sagan, Fedrigo eta konpainiarekin eguneko ihesaldian sartzea lortu dut. Behin ihesaldian egonda, eta Ventoux eko gainean irabaztea ia ezinezkoa zela jakinda, ahalik eta urrunen iritsi eta nire taldeburuei ura eta laguntza ematea zen helburu.

Mont Ventouxeko mendatetzarrak dituen 20 kilometroko igoera hasi baino lehen, Chavanelek beheraka alde egin digu aurreko mendatetxoan, eta Mont Ventouxeko hasieran Riblon eta biok ekin diogu Chavanelen bila joateari.

Atzeko taldea oso gertu zelarik, nire taldeburuentzat pare bat bidoi hartu eta panorama zelan zetorren zain egoteari ekiten diot. Aurreneko taldetxoa gerturatzera doala, Baki ikusten dut bakarrik, eta nire parera iritsi eta aurreneko gauza, erritmoa bizitzeko eskatu dit. Nire artean pentsatu dut: Hi, Baki, ia 200 kilometro daramatzat ihes eginda, eta ez naiz igotzailea, Lourdesen ere orain asko utzi zioten mirariak egiteari; beraz, ez espero beste munduko ezer!!!

Ahal dudana tiratu, eta maillot horiaren taldea datorrela konturatu naizenean, eskua bidoira bota, eta nire liderrei ura emateko prestatu naiz. Taldea iristean, ez dut Andy ikusi, eta horrenbestetan nahasten gaituzten Max Monfortek ulu egiten dit: hey bro , give the bidon!! Maxi ura eman, eta lasai-lasai ilargira bidean neure martxari eutsi diot.

Espazio-ontzirik gabe, ilargira bidean noala, Txope eta Ainhoari koka-kola bat lapurtu, eta neure kasa, zutabean idatziko ditudan batallatxoak ordenatzen ari naizela, iritsi naiz lehenengo aldiz ilargia eman eta harri batzuk besterik ez dagoen «mendi haizetsura».

Bizitzan aurrenekoz ilargia zapaldu dudan sentsazioa daukat, eta dagoeneko zuritzen hasi zaidan neure ganbara guztiz zuritu eta zahartzen naizenean, neure birlobei kontatu ahalko diet, majo kostata bada ere, bizitzan behin ilargian egon nintzela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo