GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Euskotren Liga

Haizeak ez zuen sailkapena irauli

Zumaia txapeldunak gainerako taldeak baino koska bat edo bi gorago dagoela erakutsi zuen eta beste garaipen ikusgarri bat lortu zuen. Larunbatetik aurrea hartuta ziren San Juan, Hibaika eta Oriok lagunduko dute «Telmo Deuna», Bizkaia ligatik kanpo utzita.

p031_f03_148x108.jpg

J.O.

Leihotik begiratu eta ze eguraldi dagoen begiratzea izaten omen da arraunlari batek estropada egunean, ohetik jaiki eta egiten duen lehendabiziko gauza. Kontrako emaitza bati buelta eman behar diotenek, beti nahiago izaten omen dute eguraldi narrasa, beti ere, aurretik dituzten ontzi horiei edozer gerta dakiekeen itxaropenarekin. Alde horretatik, Bizkaiko taldearen esperantza piztu zuen estropada hasi aurretik Donostiako badian ipar haizea harrotu izanak. Olatuak altxatu zituen haize hori aldaketarako haizea izatea nahi zuten, baina urrun, oso urrun geratu ziren bizkaitarren asmoak.

Egia esan, ezer ez zuen aldatu atzo Donostian burututako sailkapeneko bigarren estropadak eta Pedreñan izandako emaitza berak errepikatu ziren. Hortaz, erabat gipuzkoarra izango da aurtengo Eusko Tren Liga, San Juan, Hibaika eta Orio izango baitira, iazko txapelduna izateagatik dagoeneko sailkatuta zegoen Zumaiarekin batera, hurrengo estropada guztietan arituko direnak.

Izan ere, ezer eskatzekotan, esperientzia eskatzen zuen atzo eguerdian Kontxako badiako itsasoak eta berehala nabarmendu zen ze talde diren hobekien zaildutakoak.

Santoña izan zen, haizeak gogorren jotzen zuen unean, erlojuaren aurka jokatu zen proban irteten lehena, eta kantabriarren patroiak ikaragarri sufritu zuen, ontzia zuzen eramateko ahalegin antzuan. Azkenean, ia bost minutu atera zizkion Zumaia irabazleak amaieran, izugarrizko aldea, mundu bat, halako lan motzean.

Dena dela, larunbateko emaitzak ezagututa, eguneko emozioa Bizkaiaren eta Orioren artean pilatu zen, mugaren alde batean eta bestean geratu ziren bi taldeen artean. Dena dela, gauzak hasiera samarrean geratu ziren nahiko argi. Lehen urteko jubenilez osatutako taldea sekula ez zen eroso sentitu eta lehen ziabogarako minutu erdia utzia zuten taldea osatzeko lanak izan zituen Oriorekiko.

Lehiarik orekatu eta politena Hibaika eta San Juan auzotarrek izan zutena izan zen. Lehen luzean, Errenteriakoek zazpi segundoko aldea atera zieten sanjuandarrei, baina pasaitarrek alde hori jan eta beste hiru atera zizkieten itzulerakoan.

Azkenak irtenda, Zumaiak sekulako erakustaldia eman zuen, bigarrenari 45 segundoko aldea aterata. Iaz Liga irabaztea lortu zuten «Telmo Deuna» ontziko neskek eta aurten ere beraiek dira faborito nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo