UDATE
Beti gazte (denborari bizkarra emanez)
Anartz BILBAO
Larunbat gaua; Bilbao Livek agur esaten dio zortzigarren edizioari. Bi egun ilaren kontua entzuten eta hirugarrenean bai, Kobetamendira arteko bide luzean -ilarak taxi geltokietan, autobusez igotzeko...- The Hives indartsuak galdu ditugu. Jada entzun ditugunak baino entzun ez ditugun taldeen damuaz utziko dugu jaialdia, urteroko sentipen gazi-gozoaz. Eta bariku gauean entzun genuen azken doinuak «Relax» aholkatu bazigun (Frankie Goes To Hollywood-en kantua, 2 Many Dj´s-ek pintxatua), zapatuan «...dena dago urrun!», adierazi digu Muguruzak. «Sarri Sarri»-k itxi zuen irundarraren zuzenekoa, pogo zoro eta guzti.
Muguruzaz gain, etxeko taldeek oso ordutegi ona izan dute. Karpapean, Zuloak izan dugu Green Day-ren aurretik; We Are Standard gero. Neska hirukotea asko-asko hazi den sentipena dugu, eskarmentua irabazten ari dira apurka; indartsu eta zehatz jo dute. WAS-ek, bere aldetik, talde galanta dela erakutsi du beste behin. Getxoztarrek gonbidatu berezia dute ondoan, Oreka Tx, taldearen soinu indartsuak txalapartarena estali badu ere. Ez du inporta, jo eta jo gustura dabiltzala dirudi eta hala gabiltza festibalzaleak ere, gelditu ezinik, dantza eta dantza. «7:45 (Bring me back home)» entzuten da; etxerako ordua dugu.
Uholde berdea
Vampire Weekend talde zoragarria begitantzen zaigu, pop aratz eta arina egiten dute, freskoa. Baina milaka «grindeizale»-ren aurrean (eta motel samar) jo dute Bilbon; aspertuko ziren -zalantza dugu tokia eta ordua aproposa duten-. Loredun estanpatua atzean dutela, «Walcott» kantuak itxi du emanaldia. Eta Green Day-ri buruz zer esan? 37.000 zale dituzte zain, pentsa! -ondoan dugun lagunak Andoaingo Gaztetxean entzun zituen, orain hogei urte-. Hirukote «betigaztetar»-ari ezin zaio gogo falta leporatu, saltoka batetik bestera dabilen Billie Joe Armstrong kaliputsuari batez ere («Spain!» behin eta berriro garrasika).
Punk-rock melodikoa dugu hemen, amarrurik gabea. Milaka argiz «Green Day» hitzak osatu dira taula gainean; «99 Revolutions» -birari izena ematen dio- eta «Know Your Enemy»-rekin hasi eta «Good Riddance (Time of Your Life)»-ekin bukatu (azken hau akustikaz eta bakarka jo du Armstrongek), kasik 30 kantu eman dituzte bi ordutik gorako emanaldian. Hogei bat jo dituzte «Basquet Case»-en aurretik; lehen bisa da «American Idiot» -sutsu hartuak biak-. Tartean, Queen, AC/DC edo The Doors eta The Rolling Stones omendu -baita Monthy Python ere!- eta zaleak zoratu (eta ase) dituzte, batez ere oholtzan beraiekin kantatu eta gero salto egitera gonbidatu dituztenak. Izerdi patsetan gara, akiturik.
105.000 lagun Kobetamendiko hiru egunetan, jendetsuena izan zen iazko kopurutik gertu, eta balorazio oso positiboa antolakuntzaren aldetik -gure aldetik, aurten ez dugu izan iazko sentipen itogarria, antzeko jendetza artean mugitu garen arren-. Krisiak krisi, inguruan ahultzen ari diren jaialditzarren aurrean sasoiko da Bilbao Live. Dela zuzeneko musikari garrantzia handia ematen diogula, dela aberaskumeen kontua; datorren urteko jaialdiak ere badu jada data: uztailaren 10etik 12ra. The show must go on!...