GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Kalea eszenatoki, Lekeition

Sorpresak eta batez ere umore dosi handia utzi ditu Lekeition beste urte batez Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak. Beste edizio batzuetan baino emanaldi gutxiago izan diren arren, Euskal Herriko zein atzerriko konpainiek mailari eutsi diote.

p048_f01.jpg

p048_f02_180x090.jpg

Jonebati ZABALA

Kale antzerki jaialdien aitzindaria da Lekeitiokoa. Ia mende laurden daramate kaleko artistek proposamen berritzaile eta orijinalak aurkezten. 24. edizio hau ez da bestelakoa izan, udaro legez kostaldeko herriko txoko guztiak eraldatu egiten dira; portua, kale estuak eta aurten baita kanpandorrea ere antzerki xelebreenen eszenatoki bilakatu dira. «Antzerki gose egon da jendea, ase geratu dira», Imanol Agirre jaialdiaren zuzendariaren hitzetan.

Antolatzaileak pozik agertu dira, jendearen erantzuna «ikaragarria» izan baita. Hainbat ikuskizun jendez lepo egon dira. «Betiko moduan herri osoa inplikatu da, kale antzerkia maite baitu Lekeitiok». Jendea ikuskizun batetik bestera ibili da, eta bereziki, larunbat gaueko ikuskizunean egon zen ikusle gehien. Estimazio bat eginez, 18.000 ikusle baino gehiagok hartu dute parte kale antzerki jaialdian. Aurreko urteetan baino ikusle gutxiago, emanaldiak ere gutxiago izan direlako. «Zoritxarrez, aurrekontu murriztu honekin, ezin da asetu dagoen eskaria», adierazi du kezkaz Agirrek. Hori da antolatzaileen ardura handiena, jendetza eta giro ezin hobea egon badagoela, baina egitarau sendoagoa eskaintzeko, aurrekontuetan aldaketa bat egon behar da, ezinbestean.

Balorazio artistikoari begira, eta ikusle kopuruari erreparatuz gero, larunbat gauean kanpandorrean Sacude Bartzelonako konpainiak antzeztu zuen «Sacu eta Micaren abenturak» obra izan zen jendetsuena. Ezohiko eszenatoki horretan egin zuten dantza bertikala ikusleen begietan iltzatuta geratu zen, emozioa eta zirrara transmitituz. Oso ikusgarria izan zen, iluminazio eta bideo proiekzioarekin lagunduta. Aurtengo edizioko ikuskizun nabarmenena izan da, asko espero zen eta bete egin dela kontatu dute antolatzaileek.

Ezin dira ahaztu formatu txikiko hainbat ikuskizun ere. Frantziako Rue Barre konpainiaren «Mario» txotxongilo emanaldia asko gustatu zaio jendeari. Libourneko Jaialdiarekin (Frantzia) egindako lanaren emaitza da. Aipatzekoa da baita Picto Facto taldearen kalejira ikusgarria. Puzgarrizko intsektu erraldoiak kalez kale ibili ziren, jendetza euren inguruan ikusten. Nazioarteko maila handia eman dute konpainia horiek.

Euskal Herriko taldeek, nola ez, beti dute lekua Lekeitioko kale antzerki jaialdian. Hortzmuga antzerki konpainiaren «ausardia artistikoa» nabarmendu du Agirrek. «Bai eduki zein teknika aldetik, oso ikuskizun berritzaile eta ona egin dute. Teknologia berriak erabili dituzte, konpromisoz betetako mezuarekin, egungo gizartean biolentziaren inguruan sortzen den hipokrisia salatu zuten». Ezin da ahaztu Markeliñeren animazioa. Irudimen handiko lana eta parte hartzea bultzatu dute, hori asko eskertzen da, azken batean, kale antzerkian ikusleak ere aktoreak dira.

Aurtengo edizioko berrikuntzetako bat ezin izan da gauzatu. «Ship of fools»-ek (Zoroen itsasontzia) ez zuen Kantauri itsasoan nabigatzeko baimenik lortu, eta zoritxarrez ezin izan zen Lekeitiora iritsi. «Pena bat, dena dela, ea datorren urterako baimena lortzen duten eta Lekeitioko portuko ateak zabalduko dizkiegu», kontatu du zuzendariak. Beste ezusteko bat ere gertatu zen sorpresaz betetako jaialdi honetan. Ostiral gauean, tximistek eta udako ekaitz labur baina bortitzaren ondorioz, bertan behera geratu zen Sacude taldearen lehenengo emanaldia. Zorionez, larunbat gauean, berreskuratu eta bi emanaldi egin zituzten.

Datorren urtean Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrena ospatuko dute. Pare bat urte daramate hitzordu berezi hori prestatzen, jaialdi handia espero dute. Hiru produkzio propio jarri dituzte abian, hainbat konpainia eta jaialdirekin elkarlanean sortutakoak.

Stock Umoreak, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen nazioarteko eskola sortu berriak, Lekeitio Off egitasmoa aurkeztu du jaialdia aprobetxatuz. Hamabost eguneko tartean zazpi umorezko lan labur erakutsi ditu kaleetan. Ikuskizun guztiak uztartuta, ia etengabea izan da proposamenen eskaintza. Esperimentazioa eta publikoaren erreakzioarekin jokatu dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo