GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN: Jon GARMENDIA, Idazlea

Batzuetan, hasiera da bukaera


Ongi hastea garrantzitsua izaten da, baina oinarrizkoa, ongi bukatzea da. Edo behintzat, bukatzen jakitea. Sarritan, bukaera horren baitan datza aurrez gertatu den guztiak zapore on edo tx-+arra uztea. Hala gertatzen da San Ferminekin ere. Ez dut uste nehoiz hala izan naizenik, baina gaurkoan behintzat ez naiz originala izanen. Eta nahiago dut gainera originala ez izatea, gutako anitzek sentitu duenari buruz hitz egiteko asmoarekin bainator. Bereziak izan dira aurtengo sanferminak, hasieratik gainera, edo justuki, hasiera horrexek bilakatu ditu berezi. Batzuk hogei minutu gutiago iraun dutela erranen badute ere, euskaldunontzat ez dira gutiago izan, gehiago baizik. Gutitan emango zuten hogei minutuk hainbesterako; zenbat sentimendu eta zenbat emozio bildu ote ziren gure baitan ikurrina Iruñeako plazan agertu zenean! Eta ekimen horrekin, punta batean edo bestean egonik ere, barreiaturiko euskaldunak baturik egon ginela erratera ausartuko nintzateke, denok sentitu genituela antzeko gauzak, eta horiek, ez ditugu erraz ahantziko. Noraino ukatzen diguten esistentzia, eta noraino aldarrikatu behar dugun beti. Eta gozamen une guztiek uzten dute laburrak direnaren sentsazioa, baina honek luze iraunen du. Lerro hauek idazterakoan, ezin dut jakin nola eman zaion bukaera festa erraldoiari. Agian, Maya alkatea saiatu da galdutako hogei minutu horiek berreskuratzen, jakinik, nehoiz ezingo duela gertaera hura desagerrarazi, anitzen begien erretinetan izozturik geldituko baita. Euskaldunok, hogei minutu gehiago irabazi ditugulako. Gure bizitzarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo