GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Koktela izango da aurten ere Plentziako madalenetako protagonista nagusia

Jada Madalen jaietan bete-betean sartuta dagoen arren, festetako hitzordu garrantzitsuena ospatuko du gaur kostaldeko herriak. Ospakizun honek herririk herri ezberdintasunak izaten ditu, eta egun honetan, herriko tabernariek prestatzen dituzten koktel bereziak dastatzea tradizio bihurtu da Plentzian. Alde Zaharreko eta Erriberako kaleak jendez betetzen dira, tabernaz taberna edari goxoa probatzea da plana, fanfarre eta trikitixa taldeek lagundurik.

p055_f02.jpg

Jonebati ZABALA | PLENTZIA

Atzo hasi ziren Plentziako Madalen jaiak, baina gaur ospatuko dute jaietako egun handia plentziarrek. Mahoiz jantzi eta herriko tabernariek prestatutako koktel goxoak dastatzen dituzte eguerdian hasi eta iluntzera arte. Jada tradizio bihurtu da festetan, eta gainerakoengandik bereizten ditu.

Madalen eguna astelehena izanik, larunbatetik jarri dute abian jaietako egitaraua. Larunbatean, Arkote Trebeen VI. Karmengo Ama Ikurrina traineru estropada jokatu zen eta gauean kontzertuak izan ziren (Dirty Dancehall Crew eta Deadly Hunta). Atzo, gau-jaia egon zen Xaiborrekin Astilleron, eta ondoren, herritarrak kalez kale abesten aritu ziren Plentzia Kantari ekimenean.

Goizean goiz, txistulari eta buruhandien kalejirak emango dio hasiera gaurko programari, Andra Mari Madalenaren omenezko mezaren ondoren, Ertzaintzaren bandak joko du, urtero legez. 14.00etan herritarrek irrikaz espero dituzten koktelak zerbitzatzen hasiko dira tabernak, fanfarreak girotuta.

«Edabe magikoa»

Bazkalordua hurreratu ahala, Alde Zaharra eta Erribera jendez betetzen doaz Madalen egunean. Izan ere, kale horietako tabernetan saltzen baitute koktel «ospetsua». Adin guztietako kuadrillak, familiak... Herri guztia elkartzen da bertan «koktel poteoan» joateko prest. Astillero plazan ere giroa izaten da, bertako txosnetan ere koktela egiten baitute.

Erribera kalean du jatetxea Eduardo Arrartek. «Beste taberna batzuek aurreko egunean egiten dute edaria, baina nik egunean bertan egiten dut», kontatu du Arrarte jatetxearen jabeak. Goizean osagai guztiak ontzi handi batean jarri eta irabiagailu industrial batekin nahasten du guztia. Pitxerretara bota eta gero kopan zerbitzatzen ditu koktelak, bakoitza euro biren truke. Zeintzuk dira, baina, «edabe magiko» hau sortzeko behar diren osagai sekretuak? Arrartek argitu digu misterioa. Banilla izozkia, bermut gorria, koñaka, gina eta Bandeira portoko ardoa. Ezberdintasunak ezberdintasun, taberna guztiek egiten dute koktel berbera, nahiz eta Arrartek dioen bezala, «bakoitzak bere ukitua ematen dion». Lehen desberdin egiten zela kontatzen du, izozkirik gabe eta arrautzaren gorringoa jarrita. «Askoz ere gogorragoa zen, oso izozki gutxi baitzuen. Orain, formula aldatu dugu jendeak gehiago edan dezan hainbeste mozkortu gabe». Koktelaren zapore nagusia, beraz, banillazko izozkiarena da.

14.00etan hasiko dira ofizialki koktelak banatzen, baina badaude edaria dastatzeko irrikaz daudenak eta ordubete lehenago eskatzen hasten direnak. Arratsaldeko seiak aldera, ordea, jendea konbinatuak, garagardoa edota kalimotxoa edaten hasten da; askotan lehenago ere amaitzen dira koktelak tabernetan. Tabernek musika jartzen dute kalean eta giro itzela sortzen da. Eguneko festa bada ere, askorentzat gauera arte luzatzen da. Gainera, gauean erromeria izaten da.

Plentziako Uria esku pilota txapelketa jokatuko dute 18.00etan, Labasture frontoian. 19.30ean, erromeria Drindots taldearekin, bereziki umeei zuzenduta. Ostean zezensuzkoa egongo da, eta 23.00etan Drindotsen kontzertuaren bigarren saioa, parrandazaleentzat.

Plentziako jaiak
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo