Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Eredu eta bidelagun
Panorama orokorra nahiko txarra heldu zaigu Parisetik, hemen ditugun arazoen bost axola dute, ez gara haien hauteskundeetarako mingarri. Eta hemengo hautetsiek itxura asko baina ekintza gutxi
Barne ministro frantsesa, Valls jauna, oso serioski hitz egiten ikusi dugu azken egun hauetan. Edozein gertakarik balio dio prentsan agertzeko eta frantsesen segurtasuna esku onetan dagoela segurtatzeko. Dudarik ez dago, presondegietan sekula baino jende gehiago sartzen dute, Barne sailean ekintzan daudela erakutsi nahian, nolazpait gobernu horretan lanean ari dena Valls jauna dugula, alegia. Lehen ministro izateko nahikeria zerbait ageri zaio, gainera herritarren babesa omen du, hala diote sondeotan. Euskal Herriko bake prozesuan behintzat ez du inongo interesik erakusten. Bakea ere zer den ba ote dakien galdetzekoa da, jakinez «Israelen betirako laguna» dela eta hango kolonizazioak sostengatzen dituela.
Haatik, justiziatik etorri da ekintza beltza, Ibon Fernandez Iradiren euroaginduaren onarpenarekin. Eritasun larria duen presoari euroagindua onartu zaio. Hau da bake prozesutik at. Hau da egoera oso berezitan dagoen preso bati eskubideak zapaltzea. Nahiz eta kondenatua izan, bere osasunagatik martxan zeuden prozedurak kontuan ez hartzea oso larria da. Horretaz ez dugu deus entzun. Giltzapean dagoena ez dute errespetatzen. Euskal presoen alde frantses giza eskubideen aldeko elkarteen ekintzak non daude? Gaur berean, Amnesty Internationaletik mezu bat eskuratu dut Ameriketako Estatu Batuetan eritasun larria duen preso baten aldeko petizioaren izenpetzeko. Edo Frantzian Giza eskubideen aldeko elkarterik ez dago? Ala presoen kontra Frantzian errepresioak ez du mugarik?
Jon Anza, lau urte joan dira eta txostena hesten da. Zaratarik gabe, frantses prentsak oihartzun gutxi eman dio, afera bukatua balitz bezala. Uste genuen Barne saila zela nagusi erabaki erabat antidemokratikoak hartzen zituena, baina justiziak euskal gatazkan sekula baino ostiko larriagoak ematen dizkigu. Haien bortizkeria agerian ezabatzen dituzte aztarna guztiak, Estatu indartsuak bere tresnak erresistentziak ezabatzeko baliatzen ditu.
Aste honetako berriak ez dira onak izan euskararentzat ere. Diru laguntzak murrizten dituztela izan da berria. Panorama orokorra nahiko txarra heldu zaigu Parisetik, hemen ditugun arazoen bost axola dute, ez gara haien hauteskundeetarako mingarri. Eta hemengo hautetsiek itxura asko baina ekintza gutxi, gutxiena eta hori behar gaituztelarik.
Hala ere, berri pozgarri batzuk izan ditugu. Hasteko sanferminetan ikusi dugu ikurrina erraldoi hori, ekintza hori bihotza pozez bete diguna! Hori ez digute kenduko, ekintzaileek txalo ederra merezi dute!
Etxepare lizeoko ikasleek baxoa izan dutela, denek! Emaitza horiek Seaskaren irakaskuntza sistemak duen kalitatearen seinalea dugu. Garaia litzateke horren aitortzeko, frantses sistemak ez duela kalitatearen mo- nopolioa. Hain zuzen, frantses sistemak arazo handiak dituelarik, aterabide egokirik atzematen ez duelarik.
Erasoaldiak ez du etenik. Parisek ez daki besterik egiten. Autodeterminaziorako bidea luzea da oraindik, bide horretan preso eta iheslariak hor ditugu eredu eta bidelagun.
Hori adierazi nahi izan dugu ere Baionako manifestaldian.