GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Lasai, gero egingo duzu

Jon GARMENDIA | Idazlea

Hor zaude zu. Eta etxea daukazu parean. Biak zaudete orpoz orpo. Eta duelua hastera doa. OK Corral heldu zaizu burura, baina han zehazki zer gertatu zen ez dakizunez, Far West-eko lurretatik urrundu eta Ingalaterrako lord horien garaietara joaten zara, XVII. edo XVIII. mendera, ehun urteko okerra egiteak ere ez dizu askorik axola memento honetan. Kazola, plater eta edalontziekin goraino beteta dago sukaldeko harraska, atzo, lagunarteko afaria zurean, ardoa ura balitz bezala edan zenuten, eta gaualdia behar den gisa bukatzeko xanpain pixka bat, zenbat edan duzun jakiten ez delarik, pixka bat erratea beti da balore hurbil bat. Ontzi-garbigailua hustu gabe daukazu bestalde. Antolakuntza. Bai, antolatu zaitez. Aurrena makina hori hustu behar duzu, gero harraska, eta gero, makina berriz bete. Baina gero, geroago hobe. Logela ondoko gelan arropa pilatua daukazula badakizu, lisatzeko, eta lisaburdina zure eskuetara noiz helduko zain dago aspaldi. Ikuzmakinaren aitzinean bada beste arropa mordoxka bat, hark garbitu eder bat behar du. Baina zu lasai, gero egingo dituzu arroparen bi kontuak. Lurrari ere behatu diozu, xurgatzailea pasa behar duzu, eta gero zoru-garbitzailearekin distira eman. Majo damutua zaude azuleju horiek jarri izanaz. Hozkailua hutsik, erosketak egiteko, oheko maindireak aldatzeko, armairuko apala konpontzeko... ai ama, zenbat eginbehar! Estresatu baino lehen, lasaitzea erabaki duzu, badakizu gauzak gerorako uzten, kontrola zurea da. Garagardo botila bat ireki eta sofan etzan zara telebistari so. Itzartu zarenerako ilun da, beranduegi etxekolanekin hasteko. Lasai, bihar egingo duzu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo