GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Egarria eta pozoia

Hala eta guztiz ere, esan gabe ulertzen dute batzuek Aberen politika ekonomiko hedakorra eta Konstituzioaren 9. artikuluaren desagerpena uztartuko balira, aldaketa ikaragarriak gerta litezkeela Asia Ekialdean. Ikaragarriak, benetan.

Pozik, oso pozik esango nuke, hartu dute batzuek hemen, gure mundu parte honetan, «Shinzo Abe lehen ministro japoniarraren garaipen erabakigarria» deitu dutena. Eskubidea, noski, badute; arrazoi duten, ikusi egin beharko da. Denborak esango du.

Gauzak bere onetik ez ateratzeko, joan den igandeko hauteskundeetan Japonian jokoan zegoena eta ebatzi dena zehaztea komeniko da. Orain arte oposizioko indarren gehiengoarekin zegoen Dietako Goi Ganberaren erdia berritu behar zen hauteskunde horietan, eta Abe lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratiko eskuindarrak eta haren aliatu Komeito Berria alderdi nazionalista budistak lortu duten hazkundeari esker, aurrerantzean bi ganberak gobernu koalizioaren eskuetan geratzen dira. Azken sei urte hauetan japoniar parlamentuan izan den homogeneotasunik eza amaitutzat eman daiteke, beraz. Ez pentsa, hala ere, aldaketa politiko larregirik jazo denik jendartean: gobernu koalizioaren aurrerapenen gako nagusia boto-emaileen urritasuna izan da, abstentzio ikusgarriak bereziki jipoitu duelako Alderdi Demokratikoa, arrazoi askorengatik.

Beraz, «Aberen garaipena» goraipatzeko esan direnak ere erositako prezioan eman beharrekoak dira. Hark bultzaturiko «suspertze» ekonomikoaren inguruko guztia ikuskizun dago. Japonian ez ezik, mundu osoan ikusmin handia dago, bai, ea «abenomics» horiek (funtsean, yenak jaulkitzeko makina emanean ipintzea) gauza diren ia bi hamarkada itolarrian daramatzan munduko bigarren/hirugarren ekonomia berrindartzeko. Baina zalantzak handiak dira; gero eta handiagoak, itxuraz. Japonian bertan eta edonon.

Asia Ekialdea hobeto ezagutzen dutenei aditzen zaienari erreparatzea argigarriagoa gerta daiteke, beraz. Eta beste giltzarri bat kausitzen da haiengan: «9. Artikulua». Japoniako Konstituzioaren 9. artikuluak ezartzen du (hitzaren adiera zuzenean) Armadaren debekua. II. Mundu Gerra galdu izanaren ondoriorik nabariena da. Gauza jakina da Aberen (eta beste askoren) desioa dela artikulu hori aldatzea. Horretarako, munduko potentzia nagusien argi berdea ez ezik, Japoniako bi ganberen bi herenen onespena ere beharko luke. Gaur-gaurkoz ez duena. Ez bata eta ez bestea.

Hala eta guztiz ere, esan gabe ulertzen dute batzuek Aberen politika ekonomiko hedakorra eta Konstituzioaren 9. artikuluaren desagerpena uztartuko balira, aldaketa ikaragarriak gerta litezkeela Asia Ekialdean. Ikaraga- rriak, benetan.

Horrelako zerbait izango zuen buruan joan den astean, Japoniako kanpaina amaitzear zela Abek Ishigaki irletara egin zuen bisitaldia komentatuz, Txinako Armadaren egunkari ofizialean honako hau zioenak: «Egarriz dagoelako pozoi tragoa jotzen duena bezala da». Txinari, jakina, ez zaizkio batere gustatzen Aberen keinu aberkoiak (Senka- ku/Diaoyu irlen ingurukoak, adibidez). Baina are jasangaitzagoa egiten zaio 9. artikulua desagertzea. Gutxienez, bien ekonomiak baldintzatuko lituzkeen norgehiagoka militar baten abiapuntua izan daitekeela jabetzen direlako. Baina, aldi berean, badakite oso egarri dagoena edozer gauza edateko gai dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo