Oposizioak bi agerraldiri «betoa jarri» izana salatu du Donostiako Bilduk
Donostiako Udal Gobernuak gaur egingo den osoko bilkurara eraman nahi zituen bi agerraldiri -euskara eta herri partaidetza- «betoa jarri» die oposizioak. Legealdian agerraldiak eragozten diren lehen aldia da.Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA
Donostiako Udal Gobernuak oposizioaren jarrera salatu zuen atzo prentsa aurrean, gaur egitekoa den osoko bilkuran izatekoak ziren bi agerraldiri «betoa» jarri dielako. Axier Jaka Partaidetzako zinegotzia izan zen hedabideen aurrean salaketa egin zuena eta «ezohiko» gertaera dela esan zuen, legealdi honetan agerraldiak eragozten diren lehendabiziko aldia baita.
Oposizioaren jarrera «ulertezina» dela adierazi zuen eta Udal Gobernuari bere ekimenak herritarrei azaltzeko duen «organo gorenean» agertu ahal izatea eragotzi diola egotzi zion. Jakaren esanetan, EAJk, PSEk eta PPk hartutako erabakia «gobernu taldeak sustatu nahi duen ereduaren aurka doa».
Euskara eta herri partaidetza arloetakoak dira oposizioak «betatu» dituen bi agerraldiak. Sustatzen ari den parte hartze eredua osoko bilkuran azaldu nahi zuen Udal Gobernuak. Zehazki, parte-hartzearen inguruan antolatu dituen jardunaldien berri eman nahi zuen. Era berean, aurreko astean aurkeztu zuen Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Planaren berri emateko asmoa ere bazuen. Hala, Bozeramaileen Batzordea izan zen bi agerraldi horiek galarazi zituena. Joan den astean gertatu zen hori eta EAJk, PSEk eta PPk bat egin zuten «betoa» ezartzeko.
«Lehentasunezkotzat» jotzen ditu euskara eta herri partaidetza gaiak Bilduk eta oposizioaren jarrera ez duela ulertzen azaldu zuen Jakak behin eta berriz. Are gehiago, gobernu taldeak «nahi adina mozio» sartzen uzten duela argitu zuen, «inolako mugarik gabe». Hori horrela, agerraldiak ukatzea «are ulergaitzagoa» dela gaineratu zuen.
Partaidetza zuzena
Gaurko osoko bilkuran azaltzekoak ziren jardunaldien gaineko xehetasunak jakinarazteko ere baliatu zuen prentsaurrekoa Jakak, eta partaidetza zuzena aztertzeko eta eztabaidatzeko jardunaldien berri eman zuen. Urriaren 4an eta 5ean egingo dira Donostiako Udaleko Partaidetza Sailak antolatutako jardunaldi horiek, Miramar jauregian. Eremu lokalean partaidetza zuzenerako mekanismoak aztertzea eta horiez eztabaidatzea izango dute helburu, herri kontsultak edo herri ekimenak oinarri hartuta.
Juan Karlos Izagirre hiriko alkateak emango die hasiera jardunaldiei, eta nazioarteko adituen presentzia ere izango da. Izagirrek Donostiako Udalaren herri partaidetza ereduaren berri emango du, hain zuzen ere. Jakak jardunaldien garrantzia goraipatu zuen, Udal Gobernuaren «ardatzetako bat» dela esanez. Herritarrak eta, batez ere, gainerako talde politikoak gonbidatu zituen ekimenean parte hartzera.