Kronika | DYA-ren 40.urteurrena
Olatu horia, gipuzkoarrei esker onez
Globoz bete zituzten kaleak, Bulebar ingurua eta Kontxa osoa Ondarretaraino, donostiarrak jai giroan esnatzeko. Ezin herri guztietara iritsi eta hiriburua aukeratu zuten, baina gipuzkoar guztiei eman nahi izan zizkieten eskerrak DYAko kideek atzo, eurena delako 40. urtebetetzea.
Maider IANTZI
Haizearekin laster joan ziren globo guztiak; ospakizunak ez zuen etenik izan, ordea. Gipuzkoarrei proiektu solidario honek jarraitzen badu eurengatik dela erran nahi izan zieten, eta horretarako dituzten baliabide guztiak -edo ia guztiak- erakutsi zituzten Saguesen. DYAko lagunek jakinarazi zutenez, hirugarren aldia zen lurralde osoko boluntarioak beren ibilgailuekin koordinatu eta elkartzen zirena.
Zurriolako hondartzak eta Ulia mendiak bat egiten duten puntuan jarria zuten hitzordua. Bertako zelaigunean aparkatu zuten anbulantziek, Golfek -gizarte zerbitzua prestatzeko erabiltzen dira eta handiak eta txikiak daude-, eta erreskateko ibilgailuek -normalean beltzak izaten dira eta denetarikoak daude: batzuk materiala eramateko dira, bertzeak mendian sartzeko...-. Motorrak, koordinatzeko ibilgailu bat eta logistikako bertze bat ere ailegatu ziren. Azken hau uholdeetarako aproposa dela azaldu zuten DYAkoek, jana eta mantak eramateko. Txalupek eta kamioiak osatzen zuten ekipamendua.
Irudirik politena garabitik
13.30etik 14.30era egon ziren guztiak Saguesen. Ikusgarria zen hainbertze boluntario, bazkide eta baliabidek elkarrekin osatzen zuten irudia eta herritarrak ez ezik kazetariak ere hurbildu ziren. «Badator kamioia!», abisatu zieten argazkilariei. Han iritsi zen, garabi batean kamerak igo eta argazki eder bat ateratzeko. Arnesak eta kaskoak jantzi eta emozioz sartu ziren garabian, langileek errandakoari kasu eginez. Aldian bi lagun sartzen ziren eta zerura abiatu. Azpian jendeak ikusminez segitzen zituen garabiaren besoaren mugimenduak. Altuera hartzen hastean balantza pixka bat egiten zuen eta gero egonkortu eta goiti eta goiti jarraitzen zuen, puntu batean gelditu eta kamerak klik eta klak hasi arte.
Horiz jantzitako kide guztiak baliabideen aitzinean kokatu ziren, argazkiaren lehenengo planoan agertzeko. Neska-mutil gazte pila bat zegoen, baita helduagoak ere. Irriz, txantxetan eta txaloka. «Ez dago arazorik, DYA hemen dago!», aipatu zuen argazkilari batek gora abiatzean.
«A ze ikuskizuna!», oihukatuz agurtu zituen Jose Antonio Malok irudiari begira zeudenak. Malo proiektu honen sortzailea da eta hagitz hunkituta zegoen atzo, egun benetan polita izan zen beretzat. «Gazte talde bat izan ginen. Laranjondoa jarri genuen lurrean, baina garrantzitsuak zuhaitz hori zaindu dutenak dira. 40 urte asko dira», adierazi zuen. Aitorpena egin zion lehendabiziko presidenteari, Jose Luis Barrero Garridori. Donostiako goi mailako abokatua zen. «Gu oso gazteak ginen eta ez zigun inork jaramonik egiten; berak bai, ordea. Berari esker lortu genuen aurreneko anbulantzia».
Errepideko segurtasunean hagitz beharrezkoa zen behar bat betetzen zutela oroitu zuen egitasmoaren sortzaileak. Gainera, konponketa mekanikoak egiten zituzten dohainik. Adibidez, Eguberrietan zerbitzuak jartzen zituzten martxan, bazkari eta afari berezi horietan jende guztia etxean izateko, errepideko arazoengatik behintzat hutsik ez egiteko. 19 urte zituen orduan Jose Antoniok eta orain, 40 urte geroago, harro erakusten du lehenengo zenbakia duen karneta. «Ilusio izugarria egiten dit, zertarako ukatu!».
Saguesetik denak elkarrekin abiatu ziren Gipuzkoako ordezkaritzetatik pasatuz itzulia egitera: Azpeitia, Eibar, Tolosa, Zarautz... Hamaika herritatik igaro ziren, eta arratsaldean Intxaurrondon gune berri bat inauguratu zuten, denei irekia.