Gardentasuna eskatuz sortu da Bizkaiko Herri Kirol Plataforma
Bizkaiko Herri Kirol Federazioari gardentasuna eskatuz sortu da Bizkaiko Herri Kirol Plataforma. Federazioak ez die jaramonik egiten, antza, behin eta berriz bilerak eskatu arren. Orain, euren kabuz jarraituko dute lanean, baina beti herri kirolak bultzatuz eta lagunduz.
Jon LEUNDA
Bizkaiko Herri Kirol Plataforma abian jarri berria da. Bizkaiko Federazioarekin dituzten desadostasunak direla-eta osatu da, eta bertako kideek diotenez, 100 kirolari inguruk osatzen dute plataforma, eta garbi utzi dute herri kirolak bultzatzeko lanean jarraituko dutela.
«Gardentasuna eskatzen diogu Bizkaiko Herri Kirol Federazioari, bai kirol arloan, baita arlo ekonomikoan ere. Askotan joan gara Federaziora kontuak eskatzera, eta ez dizkigute behin ere erakutsi. Horretarako batzarkidea izan beharra dagoela esaten digute, baina gure ustez, gauzak garbi egin behar dira, eta kontuak eskatzera joaten den edozeini erakutsi egin behar zaizkio. Uste dugu eskubide osoa dutela horretarako», diote Plataformako kideek.
«Behin baino gehiagotan eskatu ditugu bilerak, baina ez digute kasu handirik egin, eta azkenean Plataforma hau abian jartzeko hautua egin dugu», gaineratu dute.
Hala ere, plataforma osatzen dutenek beren buruari ere kritika egin diote. «Hauteskunde garaian ez ginen argi ibili eta ez ginen aurkeztu. Hor hanka sartzea egin genuen, eta orain Federaziokoek beraiek bakarrik aurkeztu zirela esaten dutenean, arrazoi dute, horrela izan zelako. Horrek ez du esan nahi, ordea, nahi duten guztia egin dezaketenik. Gure ustez, federazio batek denak ordezkatu behar ditu, eta erabateko gardentasuna erakutsi. Horregatik Federazioko zuzendaritza osoaren dimisioa eskatzen dugu», adierazi dute.
Ateak zabalik
Hala ere, Bizkaiko Herri Kirol Plataformak ez ditu ateak itxi, eta garbi daukate denen artean egin behar dutela aurrera. «Plataformak lanean jarraituko du. Denentzat lan bateratu bat egitea izango litzateke onena, bide beretik jarraitu herri kirolak bultzatuz, baina hori ez dago gure esku». Hala ere, aurkezpenaren ostean, badirudi atea zabaltzen hasi dela. «Ematen duenez, bileraren bat izan dezakegu Federazioarekin. Horrela bada, hori berri ona izango litzateke, orain arte ez baita horrelako ezer izan, eta ematen du ekimen honek ateak zabaltzen hasteko ere balioko duela».
Hemendik aurrera zer gertatuko den galdetzen du batek baino gehiagok. Horren erantzuna ere garbi daukate Plataformakoek: «Guk garbi daukagu zertarako atera garen. Gardentasuna nahi dugu, gauzak garbi egitea arlo guztietan, eta lan bateratu bat egitea, denok bide berean lan egitea, eta ez bakoitzak bere aldetik. Federazioarekin adostasun bat lortzen badugu eta gure aldarrikapenei kasu egiten badie, denok batera jarraituko dugu, azken batean hori baita gure nahia. Adostasunik lortzen ez badugu eta haiek berean jarraitu nahi baldin badute, guk gure bidean jarraitu beharko dugu, eta gauza berak eskatuz eta aldarrikatuz jarraituko dugu, horretarako atera baita Bizkaiko Herri Kirol Plataforma».
Bere bide horretan, eta adostasunik egon ezean, edo Federazioak orain arte egin duen bezala, kasurik egin gabe jarraitzen baldin badu, hartutako bideari jarraituko diote. Horren arabera, Plataforma honetako kideetako inork ez du Bizkaiko Federazioak antolatzen dituen txapelketetan parte hartuko, eta aldi berean, beraiek antolatuko dituzte beraienak. Izan ere, batzuk ezagunagoak, beste batzuk ezezagunagoak, baina 100 kide horien artean arlo guztietako kirolariak batu dira Bizkaiko Herri Kirol Plataforman.
«Aurkezpenean esan genuen, eta berriro ere esango dugu, guk modu aktiboan egingo ditugu aldarrikapenak, ez gara geldirik egongo, eta jadanik ari gara geure jaialdiak antolatzen. Gu kirolariak gara, eta gure nahia kirola egiten jarraitzea da», diote Plataforma osatzen duten kideek.
Azken batean, Federazioak ere zerbait esan eta egin beharko du, lehendik ez baitira gehiegi kirol hauetan aritzen direnak, eta banatuta aritzea, oker handia da.