UDATE
Baionako bestak iritsi dira
GARA | BAIONA
Gaurtik hilaren 28ra, bestak hartuko du Lapurdiko hiriburua. Gaueko irekiera ofizialaren aurretik, giroa pixkanaka berotzen joango da, hainbat jarduera prestatu baitituzte egunean zehar, batzuk kirolarekin lotuta (saskibaloi lehiaketa edo piraguen eta txikien lasterketak, besteak beste), eta beste batzuk gastronomiarekin (goizeko hamarretan, munduko piper-tortilla Txapelketa, adibidez).
Xumai Murua bertsolaria arduratuko da 20.00etan hasiko den irekierako ekitaldian bertsoa botatzeaz, eta 22.00etan, Leon erregeak baionarren esku utziko ditu giltzak, ohiko jaurtiketa eginda. Handik aurrera gorri eta zuri koloreko jaia hedatuko da Baionan.
Badira, dena den, kontuan izan beharreko beste hitzordu batzuk jai hasiera honetan. Herrirak 20.00etan hitzordua jarri du bere lokalean (17, Ponrique karrika) handik txupinazora joateko, eta Baionako Gazte Asanbladak irekiera alternatiboa egingo du 20.30ean, San Andres plazan.
Igandera arte festaz gozatzeko aukera izango da Baionan. Joan den urtean bezala, Iruñeko Eguna larunbatez izango da, eta aurtengo «Corso argituaren» eta karrozen apaindurak zerikusi zuzena izango dute haurrekin, hautatuko gaia «Haurren mundu liluragarria» baita.
Lau egunetan milaka lagun biltzen dituen bestaren xehetasun gehiago eta argibide praktikoak eskaintzen dituen webgune berezia abian da (www.fetes.bayonne.fr) aurten ere.