GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

AHT, handiagoa izan litekeen arduragabekeria

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpen batek dioenez, Nafarroako AHTren lanak legez kanpokoak dira, Ingurumen Eraginaren Adierazpena iraungi baitzaie; beraz, guztiz zentzuzkoa da Sustrai fundazioak, epaileen ebazpen hori eragin duen helegitea aurkeztu zuenak, atzo eskatu zuena, lan horiek guztiak berehala geldiaraztea, hain zuzen. Eta zentzuzkoa da Nafarroako Sustapen kontseilari Luis Zarraluquiren dimisioa ere eskatzea, horretarako nahikoa meritu pilatu baitu AHTren proiektuaren kudeaketa deitoragarria dela-eta. Eskaera horiek zentzuzkoak eta epaileen ebazpen batean oinarrituak izateak ez du esan nahi, ordea, kontseilariaren eta oro har bere Gobernuaren jarrera zentzuzkoa izango dela, orain artekoak ikusi eta gero: lehenik, krisi betean AHT abian jartzeko Madrilek jarri behar zuen dirua Nafarroak aurreratu zuen; ondoren, proiektua Iruñea eta Castejon arteko kilometroetara mugatu zuten, inongo loturarik gabe utzita; haren bideragarritasun ekonomiko eta sozialik eza eta ingurumen eraginaz gainera. Ikusteko dago Nafarroako Gobernuak orain izango duen jarrera, baina auzia epaileen ebazpen finkoaren zain dagoen bitartean lanak gelditu gabe aurrera egiten badu, gauza jakina da kalteak askoz handiagoak izango direla. Eta Gobernu horren arduragabekeria ere orain artean erakutsitakoa baino are handiagoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo