GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Desberdintasunari...

 

Astearte goiza, eguraldi xoragarria kanpoan ibiltzeko; opor garaia egokia izaten da kirola egiteko. Bizikleta hartu eta goazen. Etxetik atera eta berehala lehen lerroa atzematen dugu. Noski, usatuak gara, udan jende asko egoten baita bideetan. Kasu egin eta benetan lerro hau luzea da, auto pilaketa handia da, alta erraten ari dira turista gutxiago jautsi dela aurten, eta gainera dirurik ez dutela...

Bidetik jarraitzen dugu, auto pilaketa saihesten saiatzen gara, eta, Ziburu aldera heltzean, bat-batean gizon talde bat korrika guregana heltzen da. Lasterketa horiek ezagutzen ditugu! Gizonak lasterka, ez gazteak; bat minez dabil, jo dutela erraten digu. «Baina nor zarete?» Ez dute erantzuten. Nor zarete ba horrela lasterka ibiltzeko? «Bidaiako jendea gara eta tirokatzen hasi dira». Hobeki ulertzen dugu. Arrazoi duzue: zuen eskubideak defenditu behar dituzue. Aurrera jarraitzen dugu eta CRS andanarekin topo egiten dugu zubiaren erdian plantatuak direlarik, furgonetak zubiaren gainean, poliziak ongi ekipatuak, ez gara pasatzen ahal. «Zatozte, tokia eginen dizuegu!», erraten digute. Bidaiako jendearen kontra matraka eta gurekin zintzoak, turista itxura dukegu!

«Ez gara ados zuekin», entzuten dugu, jendeak ez du Poliziaren jarrera erabat onartzen, baina urrunago komentatzen dute: «Ez dira jartzen utzi behar». Beste batek: «Eskubideak dituzte». Debatea ez da hetsi, jendeen artean Poliziak ez du adostasuna lortu.

Bideari jarraituz, bide gurutzeak moztuak direla ikusten dugu, Xantakoko errugbi zelairaino. Katedral berria! Sekulako desmasiak egiten dira zelaia horien gainean jarriz, omen. Gaur egun kirol zelaia hunkitzea beste garaietan elizak hunkitzea bezalakoxe bada! Bai, karabanak dira zelaiaren gainean, zelaia poliziez inguratua da. Haur, gazte eta emazte asko zelaian, lasai, hitz egiten, ibiltzen. Duela hilabete batzuk Urruñako herriak eremu bat hautatu zuen bidaiako jendearentzat; prefekturatik erabakia deuseztatu zuten. Ondorioz, ez dago lekurik karabanak jartzeko. Noren ardura?

Autoak Senpereraino bideratuak, denak kontura gaitezen bidaiako jendeak zinezko traba egiten duela. Azken finean, inguru zabal bat Poliziaren kontrolpean gelditu da, arrazoirik gabe, elkarrizketarik gabe, goiko erabakien ondorioz. Hamaikak aldean, Donibaneko auzapeza, errugbi zelaitik laurehun metrora. Motoz hurbildua zen, kontura zitekeen trafikoa blokatua zegoela, baina ez dugu bidaiako jendearekin hitz egiten ikusi. Bidaiako jendea ez da ongi etorria, ez baitute zergarik ordaintzen. Ez dute bertako alokairu garestirik ordaintzen, alegia, ez dira ongi etorriak. Biharamunean, zelaia garbi-garbi zegoen. Ez zen desmasiarik agertzen; aldiz, zelaian sartzeko guneak hesten ari ziren. Horretarako motibazioa ageri zen.

Kolorerik gabeko Hollanderen gobernuak Valls Barne ministroaren metodoa hartua du. Errepresioa, itxiera, elkarrizketa eza, hauek dira ministro horren manerak. Gazako blokeoa sostengatzen duen ministroarengandik ez da besterik goaitatzen ahal. Baina, otoi, ez diezagutela sozialistek erran ezkerreko politika dela, desberdintasunari Poliziarekin erantzuten zaiolarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo