Lekeitioko gaztetxea Abaroa jauregian ari dira eratzen, aukerak aztertu bitartean
Gaztetxearen aldeko aldarrikapena eta borroka zabaltzen ari da Lekeition aspaldian. Duela hilabete fraideen eraikinean saiatu ondotik, Abaroa jauregia okupatu dute orain eta Udalarekin negoziatzen ari dira.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Joan den igandean, 19.00ak aldera, Lekeitioko Abaroa jauregia okupatu zuen herriko gazte asanbladak, aspalditik amestutako gaztetxearen proiektua garatzeko asmoz. Eraikin hori Udalarena denez, bi aldeak harremanetan jarri dira eta momentu honetan hitz egiten ari dira denentzako irtenbiderik onenaren bila.
Gazteek GARAri adierazi diotenez, aldi bat daramate jada herri proiektu baten aldeko aldarrikapen eta borrokan. Argitu dutenez, ez dira gazteengana mugatzen, herri guztiari zabaldu nahi diote egitasmoa. Ekainaren bukaeran fraideen egoitza izandakoa okupatu zuten, baina eraikina jabetza pribatukoa zenez, handik lau egunetara kaleratu zituzten.
Neska-mutilak, besoak gurutze gelditu beharrean herrian hutsik dauden etxeak aztertzen hasi ziren eta Abaroa jauregia ikusi zuten egokiena okupatzeko, azken bederatzi urteetan erabiltzen ez den Udalaren eraikina. «Herritik herriarentzat egin nahi dugu proiektua, eta herriari zabaldu nahi diogu berea dena baina azken urteetan itxita egon dena», azaldu dute.
Espazio baten beharra sumatzen dute aisialdirako eta jendearen artean harremanak sendotzeko eta horregatik okupatu zuten Abaroa. Igandetik han dira eta 50 bat lagun biltzen dira arratsaldero asanbladan, adin guztietakoak.
Xabier Arrate Udaleko zinegotziak (Bildu) agertu duenez, lehendik ere harremanetan zeuden gazteekin eta jauregia okupatu zutela jakin zutenean zuzenean eurengana hurbildu ziren solas egitera. Abaroak balio historiko handia duela nabarmendu du Arratek. Komentu gisa erabili zen azkenaldian, baina jauregi burgesa izan zen lehenago, familia baten etxea. 2004tik Udalarena da eta ordutik ukitu gabe dago. Beraz, ez dakite segurtasun baldintzak zeintzuk diren.
Elkarrizketa positiboa
Bi aldeek diote harremana ona dela eta hitz eginez irtenbidea eman nahi dietela gazteek dituzten beharrei, baita jauregiak dituenei ere. Elkarrizketa oraindik ez da bukatu. Pausoak ematen ari dira eta alternatiba bat topatzea espero dute.
Gazteek badakite non dauden, zer erantzukizun duten eta zer zainketa behar dituen etxeak. «Usteltzen utzi ordez, konpontzen eta txukuntzen hasi gara», diote. Udala ere jakitun da neska-mutilen beharrizanez. «Zilegi ikusten ditugu aldarrikapenak, arazoa da ez dugula eskaintzeko beste azpiegiturarik».
Lehengo egunean udal arkitekto batekin ikusi zituzten gazteek jauregiaren berezitasunak. «Kontziente dira ze jarrera hartu behar duten eta erantzun oso ona ematen ari dira», baloratu du zinegotziak. Ez dute eragozpenik sortu nahi, eta eraikina ahalik eta gutxien ukitzen ari dira. Hala, jauregiaren ondoko etxe txikia, zaintzailearen bizitokia zena, ari dira erabiltzen, eta segurtasun neurriak hartu dituzte, perimetroa jarriz.
«Ez duguna egingo da ateratzeko esan ez bada alternatibarik. Eta bitartean, ahalik eta ondoen zainduko dugu gune hori», ziurtatu du Arratek. Eraikin publiko librerik ez izan arren, Udalak «bere esku dagoen guztia» egingo du, adibidez, bitartekari izanez esku pribatuetan dauden eraikin hutsak erabiltzeko. Gazte asanblada, aldiz, zabalik dago hitz egiteko, eta, nahiz eta gaztetxea Abaroan garatzen hasi, alternatibak ikusteko.