GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Zigor Zaitsev Donostia

Bizitzaren bihurguneak

Egoera larrian dagoenak beltzak ikusiko dituelakoan nago, medikua joan beharrean ertzaina joaten bazaio

Bizitzak baditu bere bihurguneak; batek daki noiz, edo nola, baina edonoiz, edonola, ezustean egoera larrian egon gaitezke, ataka gaitzean. Krisia dela, lana dela, gaixotasuna dela, estekek bihurdikatzen gaituzte etengabe, nahigabez eta oinazez inguraturik bizi gara. Horrelakoa da bizitza.

Albisteak arakatzen, berrien artean begirada bihurrituz, emakume baten erreskatea topatu dut egunkariaren bihurgune batean. Orkatila bihurtu omen zuen, Gorbeian, Egiriñaon, non gailurrerako bidea maldan gora jartzen den era bihurrian. Bihurkadaren ondorioz ezindurik, erreskatatu egin behar izan zuten. Bihurriak izaten dira bihurkadak; oharkabean datoz eta ohartzen zarenerako ezin ibiliz zabiltza.

Gorbeian, Egiriñaoko iturritik gertu. Haren salbatzaile, Inazio bezala beti erne, Ertzaintzaren helikopteroa joan zen. Bekatariak bide onera bihurtzeko zeruko aingeruak bezala, zerutik etorri zitzaion laguntza. A zer-nolako laguntza, helikopteroa, zeruko lorea, garestien artean garestiena, garestirik bada. Garunaren bihurgune eta tolesturak estutzen hasten naiz, buruari galdetzen. Bihurria izan arren, bihurkada bat artatzeko helikoptero bat bidaltzea ere! Hamaika ikusteko jaioak gara!

Egia da helikopteroa, garestia izan arren, ibilgailurik bizkorrena dela, baina benetan derrigorrezkoa al da helikopteroa bidaltzea? Diru publikoa ez al da horrela xahutzen?

Diru publikoa, guztion dirua xahutzen maisu diren horiek hitzak xehatzen maisu ere badira; eta edozer gauza argudia dezakete. Istripua Gorbeia mendian izanik, gaixoak mendiko erreskatea behar zuela alegia, eta horretarako, helikopteroa egokiena. Baina jakin badakigu Egiriñaon ez dela erreskaterik behar, udan elurrik ez dagoela, eta hara heltzeko lur orotako ibilgailua nahikoa dela, todoterrenoa. Zergatik helikopteroa bidali, askoz merkeagoa eta erosoa den lurreko ibilgailua bidaltzea posible denean?

Argudio eta iritzi guztiek bihurri gaiztoa har dezakete, eta orkatila bihurtuta dagoenak osasun arreta lehenbailehen behar duela esango dute; horregatik helikopteroa, ospitalera eramateko ziztu bizian. Ulergarria da mendian istripua izan duenak osasun arreta behar duenean, erreskate taldea bidaltzea, eta behar izanez gero, baita helikopteroa ere. Baina larria al da orkatilako bihurritu bat? Bihurkadarik ezagutu ez duenik ez dut ezagutzen nik, eta gauza jakina da inor ez dela horrelako huskeriagatik hilko. Ez da larrialdi bat. Bestalde, osasun arreta lehenbailehen beharrezkoa balitz, zergatik ez Osakidetzaren helikopteroa bidali? Beharbada ez ertzainak adina erne, baina medikua eta erizaina pazienteak artatzen edozein ertzain baino jantziagoak daude. Artaldeak artzaina behar duen legez, gaixoek aukeran osasun langileak nahiago. Artzain txarrak, ardi herren asko.

Barka nazazue gogorregi banago. Baina artalde bakoitzean bildots beltzak bagara, eta ez naiz ni bakarra. Orain urte batzuk orduko Osasun sailburuak esandako hitzak ditut gogoan: «Osakidetzaren helikopteroa ezin daiteke Ertzaintzaren erreskate helikopteroarekin alderatu». Ertzaintzaren helikopteroak biktimei osasun laguntza emateko ez daudela prestatuta, alegia. Osakidetzaren helikopteroak badituela helburu eta esparru zehatzak; biztanleria osoari osasun alorrean zerbitzu aurreratua eskaintzea, larri zaurituta gertatzen diren biktimei lehenbailehen osasun laguntza ematea, ohiko anbulantziak gunera heltzeko ordu erdi baino gehiago behar duenean. Hargatik nire kezka eta gogapen txarra. Egoera larrian dagoenak beltzak ikusiko dituelakoan nago, medikua joan beharrean ertzaina joaten bazaio.

Horrelakorik gertatu al da inoiz? Osasun arreta ukatu al zaio larri zegoen norbaiti? Zer gertatu zen Oiz mendian? Zergatik eraman zuten ospitalera larri zaurituriko txirrindularia medikurik gabe? Zer gertatu zen Atxarten femurra hautsita zuen eskalatzailearekin? Zer gertatu zen Alluitzen? Eta Gaztelugatxen? Bizitzak baditu bere bihurguneak, oinazez inguraturik bizi gara, baina askotan ez gara ohartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo