Konpromisoa berritzeko akuilua izan behar du
Lakuako Gobernuak egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez, EAEko prentsak emakumezkoen kirolari ematen dion arreta urria eta estereotipoek baldintzatutakoa da. Emakumeen gaineko albisteak egunkari horiek argitaratutako kirol albisteen %6ra ere ez dira iristen, edonork suma lezakeena berretsita. Aztertutako hamar egunkarietatik emakumezko kirolari tarte gehien eskaintzen diona GARA da, gainontzeko guztien batez bestekoa ia bikoiztu egiten baitu. Egunkari honentzat datu hori bada halako harrotasunerako motibo, baina ez zilborkerian erortzeko modukoa. Aitzitik, emakumezkoen kirolak prentsan merezi duen lekua izan arte oraindik bide luzea dagoela jakinik, aitzindaritza hori bide horretan aurrera egiteko konpromisoa berritzeko akuilua da.
Arreta ematen du, bestalde, ikerketa horrek hedabide publikoak aipatu ere ez egitea, Lakuako Kirol zuzendari Jon Redondok horiek aztertzea askoz korapilatsuagoa dela esan zuen arren. Ikerketan hedabide publikoen gaineko daturik ez agertzeak, ordea, ez du idatzizko prentsan bezala suma daitekeena ezabatzen, emakumeen kirolari emandako arreta urria, alegia. Egokia da horrelako desorekak zuzentzeko kanpainak antolatzea, baina, Jon Redondok berak onartu zuenez, «Gobernuak eredu izan behar du bere hedabideetako errealitate hori aztertuz». Bai, eta sumatzen den trataera eskasa zuzenduz.