UDATE
Stop Kaleratzeak elkarteak irudikatuko du Aste Nagusi Pirataren Matti pertsonaia
GARA | DONOSTIA
Donostiako Piratak mugimenduak Ezkila kapitaina izan du irudi hasieratik eta iaztik Matti ere lagun izan dute, herriaren eta herritarren aldeko ideia edo balio bat irudikatzen duen pertsonaia. Iaz Martuteneko bizilagunak omendu nahi izan zituzten Piratek, uholdeen ondoren eta auzolana oinarri erakutsi zuten jarrerarengatik.
Aurtengoan, berriz, beste kolektibo bat izango da Matti pertsonaia ordezkatuko duena; Stop Kaleratzeak, hain zuzen ere. «Kaltetuek beraiek, Stop Kaleratzeak plataformarekin batera, izugarrikeria hau ikusgarri egin eta erantzuleak guztion bistara jartzea lortu dute. Eta elkartasun lezio hori eman dutelako, Donostiako Piratak mugimendutik jaiez gurekin gozatzera gonbidatu nahi izan ditugu», azaldu zuten atzo.
Piratek Kutxak Donostiako Garibai kalean duen egoitza aukeratu zuten iragarpena egiteko, ez kasualitatez. «Horregatik gaude gaur hemen. Aipatu egoera horietan erantzukizun handia duen erakunde baten aurrean. Eta horregatik jaurtiko dute aurten jaietako txupina alboan ditugun lagunek», argitu zuten.
Gasteizko jaien hasieran Daniel Fernandez Arabako Elikagaien Bankuko presidenteak Zeledonen eskutik zapia jaso zuenean egindako hitzak ere izan zituzten gogoan. Hark esan bezala, «elkartasunik gabeko jairik ez dago. Eta hizki larritan idatzitako elkartasunari erreparatu diogu Mattiren ahotsa etxe kaleratzeak pairatu dituzten lagunei eskaintzea erabakitzerako orduan», azaldu zuten.
Matti izena, Martin de Villafranca Donostiako kapitainari egindako keinu txikia dela azaldu zuten Piratek. Kapitain hori, 1615. urtean hil zuten bidegabeki Islandian.