GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | GASTRONOMIA TXAPELKETA

Hogei urte babarrunak berrasmatzen

Hogei urte bete ditu Bereziak kuadrillak Gasteizko jaien barnean antolatzen duen Gastronomia Txapelketak, eta urteurrena ospatzeko modu bikaina izan zuten atzo: parte hartu zuten hamalau kuadrilletatik garaile atera ziren, eurek antolatutako lehiaketaren historian lehen aldiz.

p052_f02.jpg

Amaia GARTZIA

Hogei urte Arabako babarrun pikarta oinarri duten pintxo zein baino zein originalagoak asmatzen. Bereziak kuadrillak antolatutako XX. Gastronomia Txapelketa ospatu zen atzo Plaza Berrian, eta, horrekin batera, Arabako Errioxako X. Ardo Kiniela Dastatzea. Beti bezala, Arabako produktuak erabili behar izan zituzten parte hartzaileek: bertako babarruna, patata edota Gesaltzako gatza, esate baterako.

Goibel esnatu zen Gasteiz atzo, eta eguerdira arte euriak aterkia soinean eramatera derrigortu zuen. Haatik, jende asko erakartzen duen Gastronomia Txapelketa puntual hasi zen, goizeko hamar eta erdietan. Kuadrilla denek urtez urte originalagoak diren jakiak prestatzen dituzte, baita izen ezin bitxiagoak jarri ere. Belakiak kuadrillakoek prestatutako «Babarrunezko ferreroak» adibide. «Babarrun krema eta txokolatez egindako bolak dira, eta kanpotik txorizo edo odolkiarekin arrautzeztatuta daude», azaldu zigun Javier Tornavacak.

Asko urrutiratu gabe, dagoeneko ezagun ditugun Txirrita kuadrillako Iker Uriarte eta Nestor Sanchez Ezpeleta aurkitu genituen, beste behin, euren platera prestatzen hasi aurretik hamaiketakoarekin arduratuta: aurten txuletak prestatzen ari ziren parrilla ederrean, akaso gauean galdutako indarrak berreskuratzea helburu. Zer prestatzen ari ziren galdetuta, horrela erantzun zigun Sanchezek: «Ba, egia esan, hamaiketakoarekin gaude arduratuta bereziki. Izan ere, bestela ez dago taxuzko ezer egiteko modurik, botilak eta botilak irekitzen hasten gara eta...». Hiru urte jarraian daramatzate «sukaldari» iaio hauek txapelketan parte hartzen: «Kuadrillako kide `zintzoak' gara lehiaketara gatozenak». Bromak aparte, hamaiketakoarekin batera itsas-maskor batean aurkeztutako babarrun krema prestatzeko asmoa ere bazuten bi gazteek.

Nahasketak nonahi

Handik gertu, lehiaketan parte hartzen urte mordoa daramatzaten Batasuna kuadrillako Patxi Rituerto eta Emilio Ona plater «erraza» ari ziren prestatzen: «Amonaren estilora egindako babarrunak». Basatiak kuadrillako Migel De Andres, ostera, patata aparrak lagundutako indaba kremarekin buru-belarri zebilen: «`Ebaki Arabarra' deitu diogu». Plaza Berrira heltzen lehenak izan ziren Basatiak kuadrillako lagunak; «babarrunei botatzeko barazki asko xehatu behar genituen-eta», azaldu zigun De Andresek osagaiz betetako kafe kopa erakutsiz. «Ebaki basoaren hiru laurdena indabekin betetzen dugu, eta, gaina, patatekin», azaldu zuen. Haatik, zirudiena baino elaboratuagoa zen platera, De Andresek nabarmendu bezala: «Su txikian egindako patatari gurina eta esnekia gehitzen zaio, eta, ondoren, nitrogeno likidoa duen sifoian sartzen da aparra egiteko».

Los Biznietos de Celedon kuadrillaren proposamenak izaera ekialdetarra zuen: «Sushi Arabarra». Jada kopa batzuk hartuta zituela aitortu zigun David Rodrigezen arabera, alga baten barruan patata purua sartu zuten, eta, erdian, txistorra. Odolki eta azarekin ere egin zuten beste saiakera bat. «Hilabete egon gara entseatzen», esan zigun.

Unai Markinez eta Iker Martinez, ostera, sukaldaritza mexikarra eta bertakoa uztartzen zituen errezeta prestatzen saiatu ziren. «Egiazki, ez dakit zer edo zer jango dugun», aitortu zuten barrez, «inprobisatzera etorri behar da hona». Emaitza, babarrun takoak, odolki natxoak eta aza eta patata krema izan ziren Okerrak kuadrillakoen kasuan.

Jatorrak kuadrillako Javier Llanosi, bere platererako prestatuta zeukan aurkezpena zapuztu zion Bereziak kuadrillak. Izan ere, platera muskuilu lata batean aurkezteko asmoa zeukan, baina beste talde batek ere gauza bera egingo zuela jakiterakoan aldartea aldatu zitzaion. «Beste kuadrilla bat gauza bera egiten ari dela?», galdetu zuen sinesgaitz. «Ikusten? Ezinezkoa da hemen originala izatea, saiatu eta alperrik!», esan zuen barrez, etsituta izatearen plantak eginez. Galtzagorriko Eduardo Lopez de Sosoaga eta Tito Herrero izan ziren denetan azkarrenak platera prestatzen. Eguerdirako, hozten zeukaten indabekin egindako cheesecake-a; odolki eta txistor marmelada ere erabili zuten.

Azkenean, Bereziak kuadrillak irabazi zuen Gastronomia Txapelketa, Zoroak eta Los Bainas kuadrillen aurretik. Txapelketa eurek antolatzen duten arren, atzokoa izan zen Bereziak kuadrillak lehen postua lortzen zuen lehen aldia, hori bai, horrek ez zituen bildutakoen «tongo-tongo» oihuak isilarazi.

Bestalde, urte askoan txapelketa antolatzen jardundako Jose Mari Mantxola zena ere omendu zuen atzokoan Bereziak kuadrillak. Hain zuzen ere, oroigarri eder bat jaso zuen bere semeak.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo