UDATE
«YakoXJaixa», Deban egingo den ekitaldiz betetako «Xtrem» jaia
GARA | BILBO
«YakoXJaixa», ekitaldiz betetako Xtrem edo muturreko jaia ospatuko da bihar, abuztuaren 10a, Deban. Festa arratsaldeko lauetan hasiko da, eta, bertan, slackline-a, surfa, arraun surfa eta long skate-a bezalako jarduerak probatzeko aukera egongo da. Bestalde, flyboard ikuskizuna izango da Alain Arrizabalaga uretako moto gidariaren eskutik. Hain zuzen ere, estilo librean munduko txapelduna da Alain. Ikus-entzunezko lanak ikusteko aukera ere izango da.
Arestian esan bezala, arratsaldeko lauetan hasiko da ikuskizuna, surf, slackline eta long skate saioekin. Alain Arrizabalagak, berriz, 21.00etan emango dio hasiera bere flyboard saioari.
Bien bitartean, Illusions Surfboards, Ixi Boards, Xtremo Norte eta Hoff markak salmenta postuak izango dituzte zabalik arratsaldean zehar (16.00etatik 19.00etara).
Euskal kosta, arriskuan
Itsasoa alboratu gabe segituko dugu, irakurgai dagoelako jada Surfrider Foundation Europek bultzatutako buletin digital berria, http://es.calameo.com helbidean. Bertan hizpide dituzte, besteak beste, Abrako itsasadarrean egitear diren legez kanpoko dragatzeak, Jaizkibelgo portua eraikitzeko egitasmoa, Mallorcako Es Trenc hondartzan hotel erraldoi bat eraikitzeko proiektua edota Lanzarote eta Fuerteventuran egin nahi dituzten petrolioa aurkitzeko ikerketak.
Ildo berean, bihar bertan, arratsaldeko zortzietan, Abrako itsasadarreko dragatzearen kontrako ekimena aurkeztuko dute Algortako portu zaharrean. Horren inguruko informazio gehiago izan nahi izanez gero, eskura dago honako blog hau: http://abrabizirik.blogspot.com.es/.