udate | ipar ekhian
Haurtzaroa ez da jostailu bat
Jon GARMENDIA Idazlea
Gaur, jostailu denda bati begira gelditu da. Eta erakusleihoko kristala gainditu balute bezala sentitu ditu eskuak, arrotzak zaizkion jostailuak atzamarrekin hartu, eta haietan, ez du bere burua ezagutu. Orain denek dute kolore gehiago, eta elektrikoak dira gehienak, edo konputerizatuak. Baina beste garai bat da, beste belaunaldi bat, hori barneratua dauka, eta jostailu horiek eskutan hartzen dituen umeak beti ageriko du bizipoz berezi bat, lehen bezala. Ahantzia du, ordea, noiz utzi zion ume izateari, sarritan pentsatu baitu haurtzaroa beti egon dela hor, itsas arroketan gordea, edo uraren hondoan bestela, eta noizbait, ur korronteak aterako duela ur azalera, hori ere pentsatu izan du.
Non gelditu ote da inozentzia? Erokeriak egin, eta motibo berezirik gabe barrez lehertzen hasten zeneko garai hura? Orain, denak behar du logika bat, arrazionalki bizitzeko garaiak direlako heldutasunak markatzen dituenak, nahiz eta, irrazionaltasunaren gizartean bizi direla pentsatzen duen berak, irudiaren menpe eta sentitzen ez duen guztia adierazi beharraren beharraz. Itxura dela jaun eta jabe, eta itxura egitea haren seme-alaba maite. Anitz aldiz egiten du denboran gibelera hala ere, eta eskolako patioan ikusten du bere burua, nahi duelarik bakarti, nahi duelarik lagunartean. Oporrak nola pasatzen zituzten ere irudikatu izan du, eta halakoetan, udako egunei zukua ateratzen ziela uste du, eskura zeukaten edozein tresna zaharrekin zoriontsu zirelako. Dendan sartu da azkenean, eta begiz jo duen jostailuaren salneurria eskatu du; prezioa entzun duenean, ordea, bere haurtzaroa berriro ez dela itzuliko pentsatu du.