Epeltasun ulergaitza esku-sartzearen aurrean
Carlos Urquijo, Gobernu espainolak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak eskatuta, Bilboko epaitegi batek bertan behera utzi zuen larunbatean Aste Nagusiko txupineraren izendapena. Jone Artolaren kontra esandakoa bere egin zuen epaileak, eta hiru eguneko epea eman zion Bizkaiko hiriburuko udalari erabakiaren kontra argudioak aurkezteko. Halaxe egingo du gaur jeltzaleek kontrolatzen duten gobernuak, baina atzo Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek erakutsitako epeltasuna zinez deigarria da. Eta ulergaitza, jaietan erabateko garrantzia duen auzi batean esku-sartze nabarmena egin baitu jaiekin harremanik ez duen ordezkari politiko batek. Urtasunek hiru egun behar izan ditu Urquijok errekurtsoa aurkeztuko zuela iragarri zuenetik kazetarien aurrean agertzeko, eta asko, gehiegitxo, zaindu zuen esan zuena. «Jaiak politizatzea» penagarria dela esan zuen, baina ez zituen ez Urquijo bera ez epailea kritikatu, eurak izan arren giroa nahastu dutenak.
Gobernu espainolaren ordezkariaren jarrerak, jai-eredu herrikoiaren kontra egiten duenak, kritika zorrotza merezi zuen, baina Bilboko Udalak nahiago izan du epeltasunean gorde. Oso desberdina izan zen, adibidez, antzeko auzi batean Laudioko Udalak aurreko astean emandako erantzuna. Agian, Bilboko Udalak ez du hain gaizki hartu Urquijoren erabakia.