Maider Eizmendi | Kazetaria
Lepo gaineko maleta
Nagoen toki honetan, jendeak ez du presarik, ez luke behar, baina izango balu bezala jarduten du. Ernegatu egiten da ilara gorde behar badu, haserretu autoa aparkatzeko lekua kentzen badiote, sutu apenas arnasarik hartzeko denborarik gabe lanean ari den zerbitzariak eskatutako platera mahaiaren gainean segidan jartzen ez badio.
Asko oporretan daude, baina burua oporretara ekarri gabe, hura egunerokoan ditugun katramilez askatu gabe, patxadarik gabe.
Ez diot inguruko adineko inori aditu oporretara «deskonektatzera» joan behar izan zuenik sarri. Haiek ere katramila mordoa izango zituzten noski; agian ez zuten, baina, kanpora irtetearekin halako lilurarik, eta ez zioten ondo pasatzea beste eskakizunik egiten maletatxoa hartu eta etxetik egun batzuk pasatzera irteten zirenean. Egunerokoan egiten ez dituzten horiek egitearekin lotu izan ditu beti amonak oporrak, kutsu terapeutikorik eman gabe. Etxera itzulitakoan helduko zien, berriz, bere korapilo handi txikiei, batera edo bestera. Gehienera ere haiei heltzeko begirada pausatuagoarekin itzuliko zen, baina ez haiez askatuta.
Hondartzan, atzo, alboan izan nuen emakumeak etxetik ekarritako korapiloei bueltaka jarraitzen zuen oporretan ere; lepo gaineko maletan sartutakoak askatu nahian zebilen eguzkipean jarrita, oporraldia «deskonektatzeko» guztiz beharrezkoa zuela behin eta berriz errepikatu eta ondoan zituen lagunak beste korapilo batean sartzen zituen bitartean. Haiek ere nire antzera kontraesan ederrean zebilela pentsatu zuten, baina errespetuz egon ziren hustu beharreko guztiak husten zituen bitartean isil-isilik, txintik ere esan gabe.
Oporraldien iragarkiek sinetsarazi digute gorputz eta buruak indarberritzeko guztiz beharrezkoa dela maleta handia hartu eta etxetik urrun joatea, ia denetan sartu dute jada «erlaxatzeko» hitza eta guk ia modu itsuan sinistu. Oporrek leku eta jende berria ezagutu eta egunerokoan egiten ez diren horiek egiteko aukera ematen jarraitzen dute. Burua askatzeko, izan ere, lan egin behar da harekin, ez da nahikoa hura batetik bestera paseatzera ateratzearekin.