Josu Tellabide | Etnologoa
«Anti-igeldoarrak»
Ze arazo ikusten dute Donostia bezain zaharra den, herri nortasuna gordetzen jakin duen, 1.500 biztanlera heltzen ez den herri xume batek bere erabakiak hartzeagatik?
Behin batez, Igeldoko herria zer zen galdetu omen zion Pello Errota gazteak Udarregi zaharrari, eta honela erantzun zion (XIX. mende bukaerakoa da bertso polit hau): «Zer dan geldetze'iraz/Igeldoko erriya/Besteik ez da ikusten/Sasi eta arriya/Bosteun lagun daude,/Iruntzat ogiya,/Gañantzekoak dute/Ixtillu gorriya».
1.150 urtean «Iheldo» (Igeldo) aipatzen da aurreneko aldiz eta 872 urte pasata ere baditu oraindik dirudienez aurkariak. 2013ko uztailaren 31ko -asteazkena- denok ezagutzen dugun Donostiako egunkari batean amaratar batek erantzun dio «anti-igeldoarrak» diren jende haserretu eta irainduei eta guk geure buruari harriduraz galdetu diogu: «Hau ere badugu?»
Joera kaltegarria da benetan desberdinek beren ibilbidea erabaki nahi dutenean, Donostian, gure hirian, horrelako taldeak sortzea. Igeldoko herriaren gai xumeak burura ekartzen dizkigu talde hauek desberdinekin beti izan duten jarrera: oso jarrera espainiarra.
Ez da harritzekoa; espainiarrak behar du eta beti behar izan du (eta existitzen den bitartean honela izango da) etsairen bat, edo zenbait etsai, beraien artean behar duten lotunea edo kohesioa izateko. Izan ere, edozein taldek, herrik, kolektibitatek edo naziok ez du horrelako loturen premia, zeren benetako loturak badituzte. Nazio baten kasuan, alegia, lotura edo kohesio hori -batasun hori- historian, lurraldean, sinesmenetan, tradizioetan, ohituretan, kulturan, lan harremanetan eta hizkuntzan datza. Beraiek ez dute kohesio nazionalik eta betidanik, sortzen hasi zirenetik, beste gizaki eta herrien aurka aritu dira hutsune hori nolabait betetzeko.
Hala nola, iberiar penintsulako nazio guztien kontra, oro har musulmanen kontra (beraiek baino ikasiagoak zirenak), Herbehereetako populazioaren kontra, protestanteen kontra, Ameriketako nazio eta herri guztien kontra... zerrenda amaigabea. Batzuek zirelako ez kristauak, besteak arimarik gabekoak, herejeak, juduak, masoiak, gorriak, errusiar-separatistak, Moskuko-komunistak, marxistak, sozialistak, anarkistak, eusko-nazionalistak, gaztelania ez den beste hizkuntza dutenak, abertzaleak... denen aurka izan ziren eta dira, beti.
Zergatik? Diferenteak, desberdinak, espainol printzipio dogmatiko eta fundamentalistetan sartzen ez direlako, eta beraien legeetan antolatutako mapa politiko edo administratiboak aldatu nahi ez dituztelako. Garaian garaiko izen ezberdinekin ezagutuak, haien kontra borrokatu eta borrokatuko dira gorroto handienarekin.
Zer da, eta orain igeldoarrak jarri behar ote ditugu ezberdinen zerrenda horretan? Eta nola ez! Anti-igeldoarrak sortu dira! Zer kalte egiten diete igeldoarrek talde horri? Agian mapak aldatu egin beharko direla laster? Eta egunero aldatzen ari den mundua eta gizakia? Munduaren kontra ere jarriko dira? Ze arazo ikusten dute Donostia bezain zaharra den, herri nortasuna gordetzen jakin duen, 1.500 biztanlera heltzen ez den herri xume batek bere erabakiak hartzeagatik?
Kontuan izan historian zehar Donostiarenak ziren zenbait herrik desanexioa lortu zutela: Hernani, Usurbil eta Orio XIV. mendean; Urnieta XVII. mendean; Alkiza XVIII. mendean; Pasai San Pedro eta Aduna XIX. mendean; Astigarraga orain dela 26 urte... Altza eta Zubieta animatzen ditugu bide berdina har dezaten.
Altza XVIII. mendean Donostiatik bereizi zen, baina 1940. urtean, frankismo beltzaren hasieran, hiriaren eskuetara pasatzera derrigortu zuten berriz. Ondoren, egundainoko etxe pilak egin zituzten Altza herriko gizartea guztiz desitxuratuz.
Zubietaren arazoa berriz, negargarria da, bi administrazio artean zatituta dago. Donostian eta Gipuzkoan inork nahi ez dituen azpiegiturak bertan egin nahi dituzte: erraustegia, kartzela... Ez badira eta ez bagara mugitzen, herri xarmant hau betiko suntsitua izango da.
Guztiak, Igeldo eta Hernanitik hasi eta Zubieta eta Astigarragaraino, Donostiarekin batera mendeetan zehar sortutako herriak dira. Herri txiki edo handi, bakoitzak bere bideak askatasunez erabakitzeko eskubidea ezin zaie ukatu. Beraiek eta guk, donostiarrok, elkarrenganako begirunea beharrezkoa dugu; gure arteko auzotasunean adiskidetasuna eta laguntza bultzatzeko