GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mauleko emakume bat hil da, etxean izandako sute batean

A. MANTEROLA |

Igande arratsean, 41 urteko emakume bat hil zen Mauleko bere etxebizitzan piztutako sute baten ondorioz. Arratsaldeko 20.20 aldera etxeratzera zihoala, emakumearen bikotekidea bertatik ke asko irteten ari zela ohartu zen, eta berehala deitu zituen suhiltzaileak. Maulekoez gain, Oloroeko eta Nabarrengosekoak ere bertaratu ziren sua amatatzeko. Emakumea hilik aurkitu zuten bere gelan, ohe gainean.

Lehen datuen arabera, sua koltxoian hasi zen, antza denez, gaizki itzalitako zigarreta baten eraginez. Alta, hipotesi guztiak zabalik daude eta Zuberoako hiriburuko Jendarmeria arduratuko da ikerketaz. Gorpuari autopsia egiteko agindu du epaileak. Bihar bertan egingo diote Okzitaniako Tolosako Auzitegiko Mediku Institutuan.

Hiriburun beste bat

Bi auzokide Donapaleuko erietxean artatu zituzten, kea arnasteagatik. Sorospen zerbitzuak deitu zituen senidea, berriz, Paueko ospitalera eraman behar izan zuten shock izugarria jasan ostean.

Bestalde, atzo jakin zen ere larunbatetik iganderako gauen, goizaldeko 02.00k aldera, beste sute bat izan zela Hiriburun, zehazki Bel-Air kaleko etxe batean. Suak indar asko hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan.

Alta, suhiltzaileek auzoko etxe batzuk hutsarazi egin zituzten, eta, ondorioz, hiru pertsona etxetik kanpo aterpetu behar izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo