Kanboko Torneoko finala
Faboritoek uste baino askoz ere gehiago sufritu zuten
Herve Etxeberri eta Paxkal Ezkurra hamar eta hamaika tantoko aldearekin ere ibili ziren aurretik, baina galtzaileek azken txanpa ikaragarria egin zuten.
LARRALDE - HARIZMENDI 39
ETXEBERRI - EZKURRA 40
Jon LEUNDA
Etxeberrik eta Ezkurrak irabazi zuten atzo amaitu zen Kanboko Torneoa. Trinketeko harmailak bete zituzten 600 ikusleek sekulako gozamena hartu zuten, final ikaragarria atera baitzen.
Asko eta asko Larralde gaztea ikusi nahian joan ziren, eta berriro ere aho zabalik utzi zituen. Hilabete darama profesionalekin jokatzen, eta jadanik bi final jokatu ditu, nahiz eta ez duen bat ere irabazi. Hala ere, itxura bikaina ematen ari da. Atzo Etxeberri eta Ezkurra alde handiarekin aritu ziren irabazten, baina gero ikaragarri sufritu behar izan zuten.
Xalak jokatuko du
Azkenean Xalak jokatu egingo du gaur abian jarriko den Biarrizko Torneoan. Egin beharreko probak egin ditu, eta badirudi bere lesioa gainditu duela, eta jokatzeko moduan dagoela. Gaur ilunabarrean jokatuko du lehen finalerdia Zubieta atzeko koadroetan lagun duela, eta aurrez aurre, Martinez de Irujo eta Zabaleta izango ditu.
Lau pilotariak azkenaldian torneorik eta jaialdirik gehienak ari dira jokatzen, baina gakoa Xalarengan egongo da, ikusi beharko baita ea bere baldintzarik onenean kantxaratzen edo ez. Bigarren finalerdia, ostiralen jokatuko da, eta han Olaizola II.ak eta Beroizek Bengoetxea VI.aren eta Albisuren aurka jokatu beharko dute. Finala igande arratsaldean jokatuko dute bi bikote irabazleek.
Bestetik, atzo aurkeztu zuten Bilboko Aste Nagusiko Torneoko egutegia. Abuztuaren 21ean jokatuko da lehen finalerdia, eta bertan, Bengoetxea VI.ak eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Barriolaren aurka jokatuko dute. Bigarrenean, Martinez de Irujok eta Apraizek, Xalaren eta Beroizen aurka, abuztuaren 22an. Finala abuztuaren 24an jokatuko da. Hilaren 23an, berriz, ardoaren desafioa izango da.