aizkora
Nazabalek eta Larretxeak eraman zuten Latasaren Oroimenezko Torneoa
Floren Nazabalek eta Donato Larretxeak irabazi zuten igande arratsaldean Sunbillan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa. Maila nagusian hiru bikote lehiatu ziren, eta hirurek ere lan bikaina egin zuten.
Emozioak azkeneko unera bitarte iraun zuen. Lan ezberdinak egin ostean, iraupen proba izan zen azkena egin beharrekoa, eta lan horretara Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi aurretik sartu ziren. Hala ere, azkeneko proban, Nazabalek eta Larretxeak lan bikaina egin zuten, eta amaieran garaipena erdietsi zuten. Bigarren postuan amaitu zuten Otaegik eta Atutxak, eta azken postuan geratu ziren Olasagasti eta Azurmendi. Hauek ere oso lan ona egin zuten.
Gazteen mailako torneoa ere jokatu zen, eta hori Mugertza II.ak eta Ander Erasunek irabazi zuten. Lehiaketa hau ere oso polita atera zen, eta amaieran segundo gutxi batzuetako tartearekin irabazi zuten Mutrikukoak eta Aurtizkoak, gainean izan baitzituzten Ruben Saralegi eta Mikel Larrañaga. Hirugarren postuan, berriz, Rekondo eta Oihan Larretxea sailkatu ziren. Hiru bikoteek egin zuten maila honetan ere lan ona, eta saioa ikustera bertaratu zen jendetzak, gozatu ederra hartu zuen aizkolariak ikusten.