GARA > Idatzia > Euskal Herria

Debekuen bidez PPk «arreta desbideratu nahi duela» ohartarazi du Herrirak

Herriraren aburuz, Pablo Gorostiagaren eta Jone Artolaren kontrako helegiteak eta gainerako debekuak «gehiengo soziala egiazko kezketatik aldentzea» du helburu, horretarako gizartean «ika-mika faltsuak» sortuz.

GARA | BILBO

Herrirak gogor kritikatu zuen Estatu espainolak, EAEn duen ordezkari Carlos Urquijoren bidez, Laudioko eta Bilboko pregoilari eta txupineraren kontra martxan jarritako kanpaina, honen helburua «arreta benetako kezketatik aldentzea» dela nabarmenduz. Hein horretan, euskal gizarteari «probokazioen jokoan» ez jaustera dei egiten dio.

Elkartasun plataformak adierazi zuenez, Pablo Gorostiagaren eta Jone Artolaren auzietan, «aski izan da kasuan kasuko ekimena terrorismoaren apologia eta biktimen umiliazioa dela esatea, gatazka parametro horietan mantendu nahi dutenen begiekin baizik ikusten ez dena».

«Ez da terrorismoaren apologia minbizia duen preso baten askatasuna eskatzea», argi utzi zuten, ezta sakabanaketa amaitzeko eskatzea ere. «Halaber, ez da biktimak umiliatzea presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak, zibilak eta politikoak, errespetatuak izatea, herritar guztienak bezala».

Herriraren ustez, honelako polemikak Madrilgo gobernuari soilik interesatzen zaizkio, «arreta aldentzeko herri honen gehiengo sozialaren kezketatik», hau da, euskal preso politikoen egoera eta jasan behar dituzten eskubide urraketak.

Hortaz, debeku hauek jasan dituzten pertsonenganako elkartasuna adierazteaz gain, Alderdi Popularraren «probokazioen jokoan ez erortzera» deitzen ditu herritarrak, indarrak euskal presoen eskubideen defentsan biltzera animatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo