udate | ipar ekhian
Egunak eta egunak
Jon GARMENDIA | Idazlea
Dena aldatzen da, edo, dena desberdin ageri da, agian, dena da nondik behatzen den, eta berak, halakoetan, ez daki nora behatu behar den ere. Atzo pozik zelako, egun eder baten bizipenean murgildua, baina gaur ez; ez da ezer larria hala ere, hori badaki, gaurkoa ez baita etsipena, ez baita tristezia. Sarritan entzun du bi izaera dituzten pertsonak badaudela munduan, une eta egoera ororen aitzinean bat-bateko aldaketa agertzen dutenak, haietako bat izan daitekeela bera, hori pentsatu izan du, baina nahiago du bere burua normaltzat hartu, besteei ere halakorik gertatzen zaiela pentsatuz. Gaur, goizeko eguzki printzak aurpegian nabaritu dituen une beretik desberdin sentitu delako, ez behintzat atzo bezala. Portaleko atetik atera orduko, hiru katakume beltz dituen katu zuriari begira gelditu da, zabor poltsetan aztarrika zebilen, seguruenik, bere kumetxoentzat jatekoa bilatu nahian.
Zuritik beltza nola irten daitekeen pentsatu du orduan. Aurrerago, bizkarra erabat okertua zeukan laurogei urteko amonari so egin dio. Bidea gurutzatu nahian zebilen, semaforoko argia goizegi aldatuko zen beldur. Zutik mantentzeko, bastoiari heltzen zion ezker eskuarekin, indarge. Eta zahartzaroak zeinen gogorra izan behar duen pentsatu du. Batez ere, hezurrek min egiten badute. Mina sentitzeak, dena bihurtzen baitu luzeago. Jasan ezin. Parkearen inguruan, haur ttipi bat ikusi du negarrez, zeruko hodeietarantz ihes egin dion puxika koloretsuari deiadarka. Ezintasuna deskribatzeko manera hoberik ez dela bururatu zaio orduan. Eta hau dena, atzoko ibilbide berean gertatu zaio, baina atzo, ez zion bideari baizik erreparatu.