GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

«Nunca máis!!!»

 

Dagoeneko ordu batzuk pasa direnean erlojupekoa bukatu denetik, oraindik ere ez zait barrutik kentzen barruan daramadan pena puntua. Donostiako Klasikatik inongo lasterketarik egin gabe egon gara Xube eta biok, Pirinioetan buru-belarri Vuelta hau prestatzeko asmotan, eta, Galiziara iritsi eta berehala, etapa irabazteko zorian ikusi dugu gure burua. Baina akaso politegia zelako, azkena irten den taldeak, Astanak hain zuzen ere, izorratu du gure ametsa eta sortu digu orain sentitzen dugun zapore gazi-gozoa. Gozoa garaipena horren gertu ikusteak eta une batez taldekako erlojupekoa irabaztera gindoazela pentsatzeak minutu batzuetako «plazera» ekarri zigulako, baina, gazia, azkenean, horretan geratu zelako, minutu batzuetako sentsazio eta amets txiki batean.

Egin genuen erlojupeko bikaina Bernako lokomotorari zor diogu, nahiz eta, azken finean, talde guztiaren lana neurtzen zen. Aurrez eginak nituen erlojupekoak Fabianekin, baina Galizian bere atzetik joanda ikusi eta sentitu nuena sekula santan ikusi gabea nintzen. Nire aurretik zihoan Usurbilgo «finak» ere, Kantxe handiaren gurpilari ahalik eta ondoen itsatsi eta burua jaso ere egin gabe pedalak astindu eta astindu besterik ez zuela egin aitortu dit. Nik uste ez litzatekeela gehiegi esatea erlojupekoaren herena behintzat Fabianek bakarrik tiratu zuela; gurpilean gindoazenok nahikoa genuen berari segi eta taldeari berak emandako abiadura hori segundo batzuetan mantentzearekin.

Lokomotora eta trenei buruz gabiltzala, Galizian egonda, ez nuke bukatu nahi orain hilabete eskas izan zen istripuaz hitz egin gabe. Gehiegizko abiaduran zihoan tren malapartatu horrek, heriotza ekarri zien bertan zihoazen gizon eta emakumeei. Neure zutabe honetatik, besarkada bero bat eta doluminak bidali nahi dizkiet istripuan maite zuten norbait galdu zuten familia guztiei. Eta «Prestige» ontziaren istripuaren harira ezagun egin zen leloa hartuta, berriz errepikatuko ez den desio eta esperantzarekin agurtzen zaituztet: «Nunca máis!!!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo