GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

herriz herri

Menditarrak eta Bera izan dira talderik onenak

p032_f02_88X144.jpg

J.L.

Menditarrak taldeak lehen konbinatuan eta Berak bigarrengoan irabazi zituzten atzo Gorritiko pilotalekuan jokatutako Herriz Herri Txapelketako azkenaurreko jardunaldiak. Bete egin zen Gorritiko pilotalekua saioa ikusteko, eta harmailetan oso giro polita izan zen. Lau talde ari dira txapelketa honetan parte hartzen, eta atzo ere laurak hantxe izan ziren.

Lehen konbinatuan, aizkoran, korrikan, trontzan, zaku lasterketan eta lokotx-biltzen aritu ziren. Hasi, lau taldeak parean hasi ziren, baina gauzak aizkoran hasi ziren erabakitzen. Iker Vicente gaztea zen Berako ordezkaria, eta Kañamares II.a, berriz, Menditarrak taldekoa. Otsagabiakoak amaitu zuen bere lana lehenengo, eta Berakoak hor aurreratu ziren, baina Menditarrak taldeak Barberena anaiak zituen trontzan eta eurek erabaki zuten auzia. Talde bakoitzak hiru itzuli egin behar zituen kirol bakoitzean, eta, aizkorara iritsitakoan Bera aitzineratzen bazen ere, amaieran trontzak erabaki zuen saioa, Berak garaipena erdietsiz. Hirugarren postuan Arraioz geratu zen. Hasieratik oso atzera geratu zen, berriz, Berriozar taldea, Pikabeak denbora asko pasa baitzuen aizkoran bere egurra mozten. Hala, garaipenerako aukerarik gabe geratu ziren.

Menditarrak taldeak 16 minutu eta 19 segundo behar izan zituen bere lanak burutzeko. Berak, berriz, 17 minutu eta 24 segundo; Arraiozek, 18 minutu eta 35 segundo; eta, Berriozarrek, azkenik, 20 minutu eta 42 segundo. Sailkapen nagusian Berak jarraituko du lehenengo, eta atzetik Menditarrak, Arraioz eta Berriozar geratu dira.

Oso polita

Bigarren konbinatuan, taldeek harri-jasotzen, ingude-altxatzen eta txinga eroaten egin behar izaten dute lan, baina atzokoan harri-jasotzaile bat falta zenez, ingudea eta txinga egin zituzten. Ingudearekin, Berako Aritz Isuzkizak sekulako erakustaldia eman zuen, eta txingan ere lan bikaina egin zuen. Berak 8 puntu eskuratu zituen, Berriozarrek 5, Menditarrak taldeak 4, eta, Arraiozek, berriz, 3. Sailkapen nagusian Bera doa lehenengo, eta atzetik ditu Berriozar, Menditarrak eta Arraioz taldeak.

Txapelketa honetako azkeneko jardunaldia datorren larunbatean ospatuko da Berriozarren, 18.30ean, eta han jakingo da aurtengo txapeldunak zeintzuk diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo