GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Badute elkarri zer eskertu

Ez dute hizkuntza bera erabiltzen; euren jatorriko herrialdeak urrun daude; eta haietako ohitura eta jarduteko moduak ere erabat desberdinak dirudite lehen begiradan. Istorio ederrak batzen ditu biak, ordea, eta horrek aipatu muga guztiak gainditzen lagundu die. Begietako distirarekin hitz egiten dute elkarren artean.

Oporretako lehen eguna izanik hotelaren bueltan gaua ematea okurritu zitzaion, eta «hori zer da?» emakume batek oihukatu zuenean konturatu zen egoeraren larriaz. Igerilekuan hauspez zegoen zabalik topatu zuen ate batetik sartu eta jolasera abiatu zen txikia. Besotik tira egin eta azkar batean atera zuen uretatik eta, ahal edo asmatu zuen moduan saiatu zen, ito beharrean zegoen haurra bere onera ekartzen. Arnasteari ekin zion berriz, baina ospitalean eman behar izan zituen Mohamed txikiak egun batzuk. Ordurako ura bere biriketaraino sartua zuen.

Bere onera etorri eta senegaldar familiarekin berriz ere ikusi ahal izateak gozatu zizkion oso gaziak ere gerta zitezkeen oporraldi haiek. Lau urte pasatu dira ordutik eta gaur bertan zortzi urte beteko ditu nire aitari Papa Anjel deitzen dion Messi futbolariaren jarraitzaile sutsuak. Aurten berriz ere topatu dira opor lekuan, hiru urtean ikusi gabe egon ondoren. Izan dute aurretik ere elkarren berri, urtean lauzpabost alditan egiten da-eta Senegal eta Euskal Herria batzen dituen telefono deia.

Aurten ezagutu ditut nik gure etxeko hizketaldietan horrenbestetan aipatu izan dugun txikia eta bere familia. Zuzenean ikusi dut elkarri zenbat gauza esaten dizkioten, ezer esan gabe. Mutikoak, seguru asko, familiak behin baino gehiagotan kontatu izan diolako, igerilekutik atera izana eskertzen dio azal beltzaranaren artean nabarmentzen zaizkon begi zuri handiekin eta igerian ikasi duela errepikatzen dio behin eta berriz. Parean jarrita, «mirari txikia» egin izanak eta Mohamed urtetik urtera koskortuago dagoela ikusteak sentiarazten dion harrotasuna eta poza eskertzen dizkio, berriz, aitak. Hitzik gabe, begi distiraz bakarrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo