GARA > Idatzia > Euskal Herria

Desanexioari buruzko oinarri gabeko adierazpenak salatu ditu Itxas Aurrek

Igeldoko desanexioaren eztabaida berpiztu denetik oinarri gabeko adierazpen ugari entzun direla salatu zuten atzo Itxas Aurre elkartekoek. Errepikatu ez daitezen, udal ordezkariei ardura eskatu zieten, eta elkartea ez dezatela «euren eztabaida politikorako arma gisa erabili».

p014_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Igeldoko Itxas Aurre elkartea «haserre eta harrituta» dago azken asteotan alderdi ezberdinetako ordezkari politikoek desanexioari buruz egindako adierazpen batzuekin. Ez ziren deklarazioen xehetasunetan sartu, baina horien atzean Igeldok bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea dela-eta batzuek duten «beldurra» baino ez dagoela uste dute bertako bizilagunek.

«Egunotan entzutera iritsi gara Igeldoko pasealekua Ondarretan bertan hasten dela, eta ea hori ere bananduko ote den...», adierazi zuen Jose Ignacio Galparsorok, Itxas Aurreko bozeramaileak. Politikari batzuen adierazpenen maila zein den irudikatu nahi izan zuen adibide honekin. Horren harira, Iñaki Aizpurua eta Aihoa Gorostidi kideekin batera hala mintzatu zen atzo hedabideen aurrean Galparsoro, Donostiako udaletxean eskainitako prentsaurrekoan: «Itxas Aurre elkartea partidu politikoetatik at egon da beti, eta nahikoa da, gure gaia euren eztabaida politikoetako arma moduan erabiltzearekin».

Zentzu horretan, Galparsorok adierazi zuen zinegotziek, zinegotzi diren aldetik, igeldoarrek baino informazio gehiago dutela eskura, eta beraz, mintzatzeko garaian «ondo informatu daitezela», oinarri gabeko baieztapenak egin ez ditzaten.

Prozesuak aurrera egin eta azkenean Igeldo lurraldeko 89. udalerria bilakatuko balitz, beste herri batzuek gauza bera egin nahi izatea eragin ote dezakeen aukeraz galdetuta, Galparsorok ezetz esan zuen.

Gorostidik ere gogorarazi zuen historian atzera eginez, Gipuzkoan izan direla banantze prozesuak, Lasarte-Oria eta Astigarragakoak kasu, «Donostiako hiriari inolako haustura, min, trauma edo deskalabru eragin ez dietenak», erantsi zuen.

Bakoitzaren eskumenak

«Familia bateko kide batek emantzipatu nahi duenean, gainerakoei kontsultatu behar al die egin dezakeen edo ez?», galdegin zuen Galparsorok. Hala, gogorarazi zuen galdeketaren subjektua Igeldoko herria dela; «ez Donostia, ezta Udalbatzarra ere. Hala adierazten du indarrean dagoen araudiak baita logikak ere».

Bozkatze eskubideari dagokionez, Itxas Aurreko bozeramaileak esan zuen auzoaren lurraldetasun mugak Donostiako Udalak berak definitu zituela orain hogei urte baino gehiago, eta muga hauek hauteskunde barrutiarekin bat datozela. «Beraz -jarraitu zuen-, guztiz definituta dago nortzuk duten bozkatzeko eskubidea Igeldon».

Juan Carlos Etxezarreta udal idazkariak kontsultarako egindako txostenari buruz, nabarmendu zuten 1995. urtean hasitako desanexio prozesua ez dagoela itxita eta 1690/1986 Errege Dekretua aplikatu behar dela, eta ez 2003ko Foru Araua, ordurako prozesua abian zegoelako. «Ez da guk eskatzen dugulako, baizik eta Auzitegi Gorenak edota EAEko Justiziako Auzitegi Gorenak bere garaian arrazoia eman zigutelako».

Igeldoarrek ez diotela inori «ezertxo ere eskatzen ezta kentzen» esan zuten. Euren etorkizuna erabaki eta kudeatu, eta bizilagunekin harmonian bizi baino ez dutela nahi azpimarratu zuten.

hitzari errespetua

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jarrera neutrala izango zuela iragarri zuen orain aste batzuk. Hala ere, atzo jakinarazi zuen igeldoarren hitza errespetatzeko prest dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo