Inasa auzia dela eta, UPNren Gobernua desegin behar dela deritzo Sortuk
Inasa enpresa desegitean eta, ondorioz, ehun lanpostu berreskuratzeko aukerari ateak itxi dizkion auzian izandako erantzukizunagatik, desegin beharrekoa Nafarroako Gobernua dela adierazi du Sortuk. Era berean, Lourdes Goicoechea Industria kontseilariaren dimisioa eskatu du, eta aurrerantzean, Nafarroako garapena eta lanpostuen sorrera sustatze aldera, bestelako politika ekonomiko eta sozial batzuk garatu behar direla aldarrikatu du.
GARA | IRUÑEA
Irurtzungo Inasa enpresa desegituratua izan ostean, Sortuk argi dauka zeintzuk diren erantzule nagusiak. Maitane Intxaurraga Sortuko bozeramaileak atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan aditzera eman zuenez, Bavaria Industrie Kapital AG (Baikap) enpresaz gain, Nafarroako Gobernua eta, zehazki, Lourdes Goicoechea Industria kontseilaria dira egoeraren arduradun nagusiak.
Gauzak horrela, desegituratu beharrekoa UPNren Gobernua dela uste du Sortuk. Horrekin batera, Goicoechea kontseilariaren dimisioa ere eskatu zuen Intxaurragak, Inasa auzian erakutsitako «utzikeria» dela-eta. «Orain arte ikusitakoa gutxi balitz, uda honetan UPNren Gobernuak Nafarroaren ekonomia sustatzeko eta etorkizun burujabe eta oparoa izateko» azken aukera zapuztu duela salatu zuen Intxaurragak, egoera bereziki larrian dagoen Sakanako eskualdeari beste kolpe bat emanez.
Azken urte honetan Inasako langileek enpresa aurrera ateratzeko helburuarekin egindako lana eredugarritzat hartu zuen Sortuko ordezkariak. Ildo horretan, are larriagoa iruditzen zaio enpresa desegin izana, langileen kudeaketari esker enpresa bideragarri egiten zuen inbestitzaile bat lortu baitzen. Horrek, enpresak lehenago zuen aktibitatea berdina eta 100 lanpostu berreskuratzea ahalbidetzen zuen.
Ostera, makinen salmentak aukera guztiak itxi zituen, inbertitzaile berriak jarduerari jarraipena emateko ezinbesteko baldintza baitzen makineria bertan mantentzea. «Santiago Gonzalez eta Baikap enpresek espekulazioari eutsi diote, eta erruz saiatu dira beren esku zeuden trikimailu guztiak erabiltzen: epailearen udako oporrak eta Guardia Zibila, indarrez makineria Inasatik ateratzeko», salatu zuen.
Neurriak hartzeko beharra
Irurtzunen izandako azken gertakari honen harira, Nafarroako Gobernuari aurre egiteko beharra aldarrikatu zuen Intxaurragak. «PPri eta UPNri gobernatzen jarraitzen uzten badiegu, gehiengoa txirotasunera eta eskubiderik gabe bizitzera kondenatzen ari gara, gutxi batzuk aberastasuna bereganatuz», ohartarazi zuen.
Horren aurrean, «mirakulurik» ez badago ere, neurriak hartzeko aukera badagoela uste du Sortuk. Hasteko, egun indarrean dauden politika ekonomiko eta sozialak aldatu behar direla uste du; lehentasun bezala defizit muga betetzearen ordez, lanpostuen sorrera jarriz.
Era berean, murrizketak amaituz, tokiko ekonomia eta ekonomia sozialaren aldeko apustua eginez, aurrejubilazioak mantenduz eta aparteko orduak bukatuz, milaka lanpostu sor daitezkeela baieztatu zuen Intxaurragak.
Gastu publikoaren lehentasunak berrikustea ere nahitaezkoa dela adierazi zuen. Zehazki, «Autovía del Camino» deritzon estalitako ordainlekua, AHT, Nafarroako kanala edo bankuen erreskaterako erabilitako diruaren zati proportzionala enpleguaren aldeko politiketan inbertituko balitz, lanpostuen suntsiketa amaituko litzatekeela azpimarratu zuen.
Hartu beharreko beste neurri batzuk fiskalitatearen arlokoak liratekeela gaineratu zuen, zerga sistema justuago bat garatze aldera «Nafarroako aberats eta kapitalaren errentek Europako beste herrietako proportzioetan ordain dezaten».
Hortaz, UPNren Gobernuak aurrera eramandako politiken aurrean, Intxaurragak dei egin zuen Nafarroaren garapenaren alde lehenbailehen lanean hasteko eta, bide horretan, estrategia eta politika berrien lanketa eragile politiko, sozial eta sindikal eta norbanakoen arteko elkarlanean egitearen beharra aldarrikatu zuen.
Langileen ekimenez, enpresa aurrera ateratzeko prest zegoen inbertitzaile bat lortu zen. Ostera, Sortuko bozeramaileak salatu zuenez, plangintza hori garatzeko ezinbesteko baldintza zapuztu zuen Baikap enpresak makinen salmentarekin.
Nafarroako Gobernuak Sakana albo batera utzi duela salatu zuen Intxaurragak. Azaldu zuenez, aurrekontuetan eskualdeko garapenari begirako partida bat egoteko eskaerari ezetz esan zion UPNk. Hala ere, eragile ezberdinak plan estrategiko bat garatzen ari dira.