GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Gutuna

Jon GARMENDIA Idazlea

Gaur da zure urtebetetze eguna. Eta jada, ez diozu arreta handirik ipintzen hura ospatzeko desirari. Iristen baita adin bat, non egun bakoitza den garrantzitsu, eta noski, egun batzuk besteek baino argi gehiago dute, ilusio gehiago sortzen dizute, baina sortu zinen eguna ez da umetan bezala, orduan, kandela bakoitza ufaka itzaltzen zenuen bitartean, munduko pertsonarik inportanteena sentitzen zinelako. Gainera, gazte bilakatu zinenetik, zure urtemugaren protagonismoa gurasoei eskaintzea izan da kontua, izatekotan, haientzat delako egun berezia. Haiek, zuk baino zorion gehiago sentitu zuten sortu zinen egunean, haiek beti oroituko dute detailerik tipienarekin abuztuaren hogeita zazpia. Amak ekarri zintuen mundura, indarka, eta negarrez eskertu zenion zuk, baina berak bazekien irri bilakatuko zela gutira, bere goxotasunak dena antzaldatzeko boterea baitauka. Eta gaur ere, parada izan duzun guztietan bezala, telefonoz deituko duzu zure sortetxera, gurasoak zoriontzeko, eta eskerrak emateko. Eta amarekin hitz egiten duzunean, familiakoen zorion hitzak jasoko dituzu, lagun askorenak, eta bereziki lagun batena, kartzela utzi zenuen egunetik, urtero, zure egunean gutun bat jaso baituzu kartzelatik, beti hitz ederrekin, beti irudi politekin; berak ez zaitu nehoiz ahantzi, ez eta zuk ere, nahiz eta ez duzun aukerarik izan harreman hori idatzien bidez elikatzeko. Anitz lagun dituzu kartzelan, bihotzeko anai-arrebak, eta gaurko egunak berezitasun hori izanen du, zugandik urrun dituzun horiengana gogoa eramatea, maitasunez beteta. Hori lortu baitu urtero jasotzen duzun gutun horrek, zure urtebetetze egunari desira bakar bat eskatzea, haiek etxean egon daitezela, libre, heldu den urtean, berriro, ez dezazun gutun hori jaso.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo