Kolonbiako Gobernuak eta ELNk bake bidea elkarrekin ibiltzeko borondatea erakutsi dute
ELNk bahituta zeukan geologo kanadarra aske uztea Kolonbiako gerrilla horren eta hango Gobernuaren arteko negoziazioak hasteko argi berdea izan da. Juan Manuel Santos presidenteak atzo esan zuenez, Kolonbiako Gobernua prest dago elkarrizketa lehenbailehen hasteko. ELNko buruzagi Nicolas Rodriguez Gabinok bakea negoziatzeko nahia agertu zuen, eta gerrillaren keinuaren biharamunean erantzun egin zion Santosek. Duela hogei egun presidenteak ELNrekiko negoziazioak hasteko aukeraz jardun zuen, eta bi aldeak hartarako prest agertu izanak adierazten du bakeranzko bide luzean aurrera egiteko borondatea badutela. Bestalde, asteon Kuban FARCeko gerrillak eta Gobernuak, desadostasunak desadostasun, negoziazioei ekin diete berriz, aurrean bide malkartsua izanda ere, ibiltzeko borondatea ere badutela erakutsita. ELN bake negoziazioetara sartzeak prozesua sendotu lezake eta, jakina, baita kolonbiarren bake esperantza ere. Oraindik ez dago ezer konponduta, baina zailtasun eta oztopo ugariren artean, urrats sendoak egiten ari dira. Negoziazioak arrakastaz burutzen badira, irabazteko asko dute denek, batez ere Kolonbiako herriak. Irabazteko eta galtzeari uzteko asko.