GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

top 14

Biarritzek baja ugarirekin egingo dio aurre izen handiko izaten jarraitzen duen Stade Français taldeari

Jon LEUNDA

Orain dela urte gutxi batzuk Biarritzen eta Stade Françaisen arteko norgehiagokak handiak izaten ziren. Ligako eta Europako finaletan ere behin baino gehiagotan neurtzen ziren, baina biek behera egin dute, eta hori baieztatzeko azken bi edo hiru denboraldietako sailkapenetan erreparatu besterik ez dago.

Parisen neurtuko dira gaur gauean, 20.50ean, eta biak hitzordu honetara oso egoera bertsuan heltzen dira. Bi jardunaldietan batak zein besteak partida bat irabazi eta bestea berdindu dute, eta puntu gehigarri bana ere batu dute bi taldeek.

Bestetik, ordea, Biarritzentzat etxetik kanpo jokatzen duen aurtengo lehen partida izango da, eta hori ere ikusi beharrekoa da, orain arteko biak Agileran jokatu baititu, eta bietan, gainera, zalantza ugari sortu ditu, nahiz eta azkenekoan garaipena lortu ahal izan zuen.

Lapurtarren artean, gainera, baja ugari daude, eta hasiera zaila gertatzen ari zaie. Baja garrantzitsu horien artean nabarmenena Imanol Harinordokirena da, asteburu honetan ere ez baita jokatzeko moduan izango, eta hori ere asko ari dira nabaritzen. Berarekin batera, Balshaw, Brew, Dubarry, Gimenez, M. Lund eta Synaeghel daude min hartuta. Normalean, hauek guztiak hamabostekoan izaten dira, baina oraingoz jokatu ezinik jarraitzen dute.

Bitartean, Dimitri Yachvili bihurtu da, urtero bezala, zuri-gorrien erreferentzia. Berak egin ditu orain arteko punturik gehienak, eta lapurtarren jokoa bere eskuetatik pasatzen da, nahiz eta orain dela urte batzuetako maila galdua duen.

Gaur garaipena lortzea oso garrantzitsua izango da, horrek konfiantza emango baitie Agilerakoei. Pariseko taldea Biarritzen aurkari zuzena da, bien helburuak ere berdinak baitira. Datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortu eta Ligako final-laurdenetan sartu nahi dute gaur Frantziako hiriburuan  elkarren aurka neurtuko diren ustezko bi talde handiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo