Mikel Jauregi | kazetaria
Denboraldi-aurrean iltzatuta
Tartean selekzioen arteko nazioarteko txapelketarik ez bada, uztaila eta abuztua lehorte hilak izaten dira futbolzalearentzat. Oporren eta denboraldi-aurrearen sasoia da. Egia da lagun arteko partidak jokatzen dituztela udako ilunabar beroetan, baina ez da gauza bera. Jokoan ezer ez dagoenean -lesio larriak saihestea eta aurrean diren hilabeteetarako sasoi puntu egokia hartzea baino ez-, futbolak xarma eta zapore guztia galtzen du. Nolabait, alkoholik gabeko garagardo bilakatzen da.
Egia da igaro berri den denboraldiaren eta etortzear denaren arteko garai horretan batzuek eta besteek -klubek, jokalarien ordezkariek, futbolariek beraiek, komunikabideek...- fitxaketen gaineko hamaika zurrumurruren osagarria baliatzen dutela saltsari bizipoz apur bat jartzeko, baina «Maradona berria fitxatzear dugu» lau haizetara esateak ez du askorako balio ustezko XXI. mendeko Pelusa hori oin okerra bada. Hitzak mikrofono aurrean, ekintzak berdegunean.
Denboraldi-aurre luzea daramagu. Jariotik eduki dugu, baita indarrak xahutzeko bakarrik balio izan duten lagun arteko neurketetatik ere: aspergarriak asko, erridikuluak beste horrenbeste. Mamitik, gutxi. Tira, lesio larri-larririk ere ez dugu pairatu... itxura batean. Eta gauzak horrela, iraila muturraren aurrean dugula, lehia serioari ekiteko gogoz gara.
Baina jakin badakigu erabakigarria beharko lukeen denboraldi berri honetan baloia goitik luze erabiltzea edota, aitzitik, soropilan motzean lotzea komeni zaigun? Defentsa indibiduala ala zonakakoa jorratuko dugun? Hankamotz dugun hegal horretarako fitxaketa egokirik iritsiko den? Indarrak, batik bat, Kopan edota Txapeldunen Ligan jarriko ditugun? Are gehiago, jakin badakigu joan den ikasturteko baloiarekin jokatzekoak garen edota berririk diseinatu duten?
Oraintxe baita momentua ikusteko etxeko lanak zintzo egin ditugun denboraldi-aurrean, zaindu dugun elikadura eta bete dugun prestatzaile fisikoaren plangintza. Prest gauden, alegia. Bestela, hobe oporrak luzatzea: arerioa ez dago sasoi onenean, egia, baina epaileak beti izan ditu lagun.