Klima aldaketari aterabidea emateko Alternatiba Herrixka izango da Baiona
Europako 150 egituraren eta elkarteren sostengua bildua du datorren urriaren 6an, Baionan, iraganen den Alternatiba Herrixkak. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko erronka gainditzeko bidean, ehunka alternatibaren erakusleihoa izanen da ekimena.
Ainize BUTRON |
Ehun hizlari, berrehun bat artista eta 150 elkarte bilduko ditu Bizi! mugimendu altermundialistak urriaren 6an Baionan Alternatiba Herrixka ekimenean.
Giro herrikoian, klima aldaketari eta energien krisialdiari aurre egiteko alternatiba indibidualen, kolektiboen eta lurralde mailakoen erakusleiho izango da ekimena. Klimaren Bilakaerari Buruzko Gobernuarteko Aditu Taldearen 5. txostena kaleratu eta ondotik iraganen da Alternatiba Herrixka. Horren karietara, txostenaren edukia ezagutarazi, eta publiko zabala zein hautetsiak sentsibilizatu nahi dituzte, «aldaketa klimatikoa ahal bezainbat mugatzeko, bakoitza bere mailan ekintzari lot» dakiokeela ohartarazteko.
Laborantzan, ekonomian, eraikuntzan, zaborren kudeaketan, energia berriztagarrietan edo herri mailako kudeaketan dauden aterabideak xeheki erakusmahai edo erakusketen bidez agerian jartzeaz gain, mintzaldi eta mahai-inguruak izanen dira euskaraz, frantsesez eta espainolez, goizetik arratsera iraganen den «kaleko unibertsitate herrikoi» horretan. Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren arloan, ekimen hau Euskal Herriko eta orokorkiago Europa mailako hitzordu nagusi bat izango dela adierazi zuten antolatzaileek.
Alternatiba Herrixka antolatzeko proposamena Tunisian izandako gailurrean egin zela gogora ekarri zuen Txetx Etxeberri Bizi!-ko kideak. «2010ean, Kopenhageko gailurra izan zenetik, ez da aldaketa klimatikoaren inguruko mobilizaziorik izan. Alternatibaren xedea mobilizazioa berpiztea da», esan zuen. 2015ean, Parisen Nazio Batuen Erakundeak gauzatuko dituen 21. klimaren gaineko topaketei begira (COP 21), Baionako Alternatiba egunak Europa osora hedatuko den «mobilizazio ziklo berri» baten abiapuntua izan nahi du, beraz.
150 egituraren deia
Alternatiba ekimenak egitura eta elkarte askoren sostengua bildua du dagoeneko. Europa mailan «Elkarrekin mundu hobe bat eraiki dezagun, erronka klimatikoa altxatuz» deia zabaldua izan da, 150 erakundek izenpetu dutena. Eguzki, LAB, EHNE, Les Amis de la Terre, Traperos de Emaus, ELA, Laborantza Ganbera, Attac, Aitec, Agir Pour l'Environnement, CADE eta Slow Food egiturek sostengatzen dute.
Alternatiba Herrixkaren antolaketan elkarte asko ari badira ere, urriaren 6an 500 laguntzaile beharko dituzte. Izena eman nahi duenak 2013@bizimugi.eu helbidean edo 0033- 559593323 telefono zenbakian egin dezake.
Stephane Hesselek, zendu aurretik, Alternatiba Herrixkaren babeslea izatea onartu zuen. Egunean bertan omenaldi bat eginen diote, desafio klimatikoa gainditzeko, «kontzientzia eta engaiamenduari dei eginez».