GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Diego BEASKOETXEA | Puntista

«Daniako Urrezko Koroa irabaztea Mundiala lortzea baino zailagoa izan da»

Kirol emaitzei dagokienez, Diego Beaskoetxea izan da, ezbairik gabe, urteko puntistarik onena. Erik Irastorzarekin batera, bi Munduko Txapelketak, Kontseiluarena eta Nazioarteko Federazioarena, irabazi berri ditu udan, eta neguan Danian Urrezko Koroa saria ere eskuratu zuen, kinielarik gehien irabazita eta aurrelaririk onenaren eta pilotaririk onenaren lehiak irabazita.

p038_f01_148x152.jpg

Jon ORMAZABAL

Gernikako aurrelariak bere kirol ibilbideko unerik gozoenean dagoela berretsi du Euskal Herrian, Daniara itzuli aurretik.

Udako balantzea ezin da hobea izan, bi Munduko Txapelketa eta biak irabazi...

Bai, balantzea oso positiboa izan da. Hasieran Nazioarteko Federazioaren txapelketa soilik jokatzea pentsatzen genuen, baina azkenean Hondarribikoa ere antolatu zen -Munduko Kontseiluarena-, eta biak irabazi, beraz, oso pozik egindakoarekin. Bi finalak, gainera, bikote desberdinen aurka jokatutakoak eta oso partida gogorrak irten ziren. Horrenbeste sufrituta irabaztean gehiago gozatzen duzu, gainera.

Erikekin, gainera, oso ondo moldatzen zara, ezta?

Lau edo bost txapelketa irabazi ditugu batera. Badakigu bakoitzak zer egin behar duen kantxan; askotan jokatu dugu batera, oso ondo ezagutzen dugu elkar eta berarekin jokatzea beti da oso ona niretzat.

AEBetan, gainera, Danian, Urrezko Koroa gisa ezagutzen den saria lortu zenuen. Zure momenturik onenean al zaude?

Ez dakit joko aldetik nire urterik onena ote den, baina emaitzen aldetik behintzat, aurtengoa oso ona izan da. Niretzat Ameriketako Estatu Batuetan lortutakoa hemengo txapelketa bat irabaztea baino zailagoa da, han egunero jokatzen dugu, astean zazpi edo zortzi funtzio, eta sei hilabetetan zehar horrela aritzea oso gogorra egiten da. Egunero jokatzen duzu, sei kiniela; astelehenetan bakarrik hartzen dugu atseden eta guretzat ez da batere erraza izaten, hura askoz gogorragoa izaten da.

Goikoetxea eta Lopezen -iazko txapeldunak- mailako pilotarien aurka jokatu ez izanak distira kentzen die txapel hauei?

Behin baino gehiagotan esan dut guretzat ere onena euren aurka jokatzea izango zela. Beti esan izan dut onenek elkarren aurka jokatu behar dutela, baina zesta-punta une honetan horrelaxe dago antolatuta. Beste urte batzuetan nik ere ezin izan dut jokatu eta eurak izan ziren txapeldunak... ea datorren urtean denek elkarren aurka jokatzerik dugun eta orduan ikusiko da nor den onena.

Zure hitz batzuk izan ziren, hein handi batean, esaterako IJAPA erakundeak bestelako antolakuntza bat eskatzen hasteko sua piztu zutenak. Nola dago auzia?

Orain IJAPA eta Euskadiko Federazioa lanean dabiltza. Ea hurrengo urtean mundu mailako liga hori egitea lortzen dugun. Urtean zehar, hilero torneo handi bat antolatzea munduan, ea Ameriketan hiru edo lau txapelketa antolatzen diren, gero hona etorri, Iparraldera, Gernikara... Telebistarekin-eta, zesta berrindartzeko bide bakarra dela iruditzen zaigu.

Gure ideia da, tenisean bezala, ranking bat egotea, horko onenek txapelketa guztietan leku bat izatea eta gainerakoek sailkapen txapelketa bat jokatuta sartzeko aukera izatea. Horrela, onenak sekula ez lirateke kanpoan geratuko. Nire ustez, hori litzateke justuena.

Euskal Herriko eta AEBetako egoerak ezagututa, nola ikusten dituzu bi errealitateak?

Euskal Herrian, egia esan, jende asko ikusi dut frontoietan, telebistak ere aurten uste dut apur bat gehiago lagundu duela eta pozik goaz hemen ikusitakoarekin. AEBetan krisi sakona izan zen orain dela sei bat urte, baina apurka-apurka gorantz goaz, nahiz eta kontua ez dagoen oso ondo.

Hala ere, negua bertan emango duzu, ezta?

Astelehenean noa eta asteartean bertan partidak jokatu beharko ditut, aklimatatzeko astirik gabe. Han egunero jokatzen dugu eta hemen, asko jota, astean bi partida izaten ditugu eta ez dago bizimodua ateratzerik.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo