GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jendea «nahastu» nahia leporatu dio Ugartek EAJri, Bidelanen auziaren harira

Markel Olanoren hitzei erantzunez, jendea «nahasten» ibiltzea leporatu dio Larraitz Ugartek EAJri, Bidegi eta Bidelanen arteko kontratu aldaketari buruzkoa gezurtatu ez eta kalte-ordainen gaia ateratzeagatik.

GARA | DONOSTIA

«Epaileak Bidegiren eta Bidelanen arteko kontratua kaltegarritzat jotzen badu, ez da inolako kalte-ordainik ordaindu behar izango». Modu horretan erantzun zion Larraitz Ugarte Gipuzkoako Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak Markel Olano EAJren Batzar Nagusietako bozeramaileak herenegun egin zituen adierazpenei. «Gezurretan eta liskarretan» ibiltzea egotzi zion orduko hartan Olanok Ugarteri, eta Foru Aldundiak Bidelanen 2010eko kontratu aldaketaren harira irekitako bide judizialak gipuzkoarrentzako ondorio ekonomiko «kaltegarriak» izango dituela esan zuen. Horren aurrean, epaileak, Aldundiari arrazoia emanez gero, Bidelan enpresa pribatuari 15,6 milioiak itzultzeko eska liezaiokeela gaineratu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean onartu zuen foru sozietatearen eta AP-1 eta AP-8a kudeatzeaz arduratzen den enpresa pribatuaren arteko kontratuen kaltegarritasun adierazpena. Prozedura administratibo horren bidez, erakunde publiko batek lehenago hartutako erabaki bati «kaltegarri» irizten dio eta, horrenbestez, baliogabetzeko eskatzen dio epaileari. Bidegi eta Bidelanen kasuan, Aldundiak ez du kontratua etetea erabaki, aldiz, kontratu hori baliogabetzeko arrazoiak badaudela argudiatzen du. «Beraz, kalte-ordainen gaia lekuz kanpo dago».

Bidelani erraztasunak

Bidegiren eta Bidelanen arteko kontratu aldaketari buruzkoa ez du gezurtatu EAJk», argitu zuen Aldundiaren bozeramaileak. «Zergatik asmatu du orain kalteordainen gaia? Zertara dator?», bota zituen aitzitik bi galdera airera. «EAJ jendea nahasten ari da. Ez da zilegi enpresa pribatu bati sozietate publiko batetik dirua lortzeko horrenbeste erraztasun ematea, arrisku printzipiorik gabe, gainera», azaldu zen kexati. Bidelanen kontratu aldaketaren harira, AP-1 eta AP-8 autobideetan ibiltzen zen auto kopurua zela medio, ingresatzetik sozietate pribatu beraren gastuak eta horren %7,7a abonatzera pasa zela gogorarazi behar da.

Bidegiren azken urteetako kudeaketa ere izan zuen hizpide Ugartek. «Kudeatzeko modu horretaz orain ez dute hitz egin nahi», azaldu zuen. Horren aurrean, herritarrek guztia jakin behar dutela aldarrikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo