GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ikasturtea balitz sikiera!

Etxera bueltan. Hainbat egunetan urruneko natura bere horretan sentitu eta gero- ko bueltan; denbora baterako arnasberrituta behintzat, hartutako arnasa berriaren parte bat aireportuan utzi behar izan arren. Kontrastea gero! Tira, etxera heldu eta hasi da mendiko arropa parte baten armairurako bidea, uraren eta eguzkiaren eskuetan utzi eta gero, jakina!, denboratxo bat hango ezkutuan gordea egiteko. Stock armairu, edo. Akabo da, momentuz, made in kristoenea etiketako arroparen ageriko bistaratzea. Kolpea gero! apenas aldaparik duten urruneko herrialde beroetan josten dira beste- lako urrunetan hotzaz babesteko erabiltzen diren arropak. Hortaz, gustuko lekuan aldaparik ez esate horrek ez du berdin balio urrun guztietan. Are gehiago, asko balio hemen baino gutxi kostatu han. Arropa guztiak ez du armairurako trekkina egingo, parte bat eguneroko janzkeraren zatia baita. Atera kontuak zer zaharra den! Europan eginda dago eta!

Hantxe mahai gainean izan ditut, nolabaiteko ordenan ipinita, azken asteetako egunkariak. Eta gainbegirada arina eman diet paper-meta biei, gorputzak horretara behartuta eta anormaltasun normalerako lurreratze-pista hartuta. Egia esan, egunkariek ez dute ordenarik, hurrenkerarik esate aldera; anabasan hartuta ere ez dago informazio-haria galtzeko arriskurik, politika eta ekonomia orrietan sikiera! Bestelakoa da kiroletan, honetan hurrenkera ezean mataza eginda amaitu liteke zure ahalegina. Hau akabua! Akabo da abuztua, joana da abuztuan disko gogorrei frackina egiteko sasoia. Izan ere, non edo non dut irakurria abuztua oso une egokia dela horretarako, unibertsoko hainbat astro lerrokatu egiten baitira ilargiaren alde ezkutuarekin zulo beltzean direnen larrua zuritzeko. Zientzia!

Eta gurean kurtso politiko berriaren atarian gara. Ama, ama! ikasturtea balitz sikiera! Baina nago ni eskola-porrotak geroa duela oraindik ere, asko ohiko liburuak besapean ariko bide baitira. Kexa-liburuak. Esan egingo digute, ostera, ezin dela orri bat pasatu aurrekoa irakurri gabe, orriok zeinek idatzi dituen esan gabe. Aprobatu gabeko gehiegi dabil maisu lanetan. Filosofia gutxi eta eskulan gutxiago. Tira, arnasa berria horretan inbertitu beharko da. Gustuko lekuan aldaparik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo