UDATE
Bizi-bizirik dago Bilboko erreka!
Orain dela hogei urte pentsaezina zen Bilboko errekako uretan sartzea ere; hirian sortutako hondakinak eta industrializazioak aztarna nabarmenegia utzi zuten itsasadarrean. Gaur egun, 80ko hamarkadan abiatutako saneamendu proiektuei esker, garbiago dago erreka, eta gauzak horrela, gero eta jarduera gehiago egiten dira ur hauetan, triathloia, ontzi irteera gidatuak, taula gaineko arraun surfa (SUP), piraguan zeharkaldiak... Baita saneamendu programek eragina izan aurretik pentsaezina zena ere: Bilboko errekan bainua hartzea.
Bilboko errekak zikin ospea izan du betidanik. XX. mendearen erdialdera arte, hirian sortutako hondakinak zein industriak sortutakoak isurtzen ziren bertara, eta ura guztiz kutsatuta zegoen. Orduan, pentsaezina zen bainua hartzea ere, bilbotarrek inondik inora ez zuten ur hori ukitu ere egiten badaezpada ere. 80ko hamarkadan, berrikuntza eta saneamendu proiektuak jarri zituzten martxan, eta ordutik gaur egunera arte uraren kalitatearen egoera aldatuz joan da, eta bizia hartu du itsasadarrak.
Urte askotako kontrol gutxiko ustiapen industrialaren aztarna, alabaina, itsasadarrean geratu da. Beste edozein itsasadarretan gertatzen den bezala, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko sedimentuak garai horren lekuko dira. 1900. urtean saneamendu sistema aitzindaria jarri zen martxan. Hirian sortutako hondakin urak, itsasadarrera bota beharrean, Galea muturretik 15 kilometrora isurtzen ziren zuzenean, ponpaketa sistema baten bidez. Baina Deustuko kanala eraikitzeko lanak hasi zirenean, bertan behera geratu zen hori, eta berriro ere errekak jaso zuen zikinkeria. Ondorioz, XX. mendearen bigarren erdialdean, Bilboko itsasadarra Europako kutsatuenetarikoen artean zegoen.
1979. urtean, Bilboko Itsasadarraren Saneamendurako Egitasmo Orokorra diseinatu zuten. Egitasmoaren helburuen artean zeuden, populazioaren ur-hornikuntza ziurtatzeaz gain, itsasadarraren alde guztietan bizitza berreskuratzea eta isuri industrialen kantitatea nabarmen murriztea. Galindoko araztegia da egitasmo horren ardatz nagusia.
Errekak bizia hartu du, gero eta jende gehiago dabil itsasadarrean gora eta behera: Triathloia antolatzen da urtero, taula gaineko arraun surfean (Stand Up Paddle Surf) World Serieak, kayak zeharkaldiak... Jendeak ez du uretara sartzeko erreparorik. Euskalduna ontziola ezaguna zegoen tokitik metro eskasera dago Bilbobentura. Orain dela bost urte inguru hasi zen enpresatxoa Bilboko errekan jarduerak eskaintzen, bereziki piragua alokairua. «Orain normala dirudien arren, hasi ginenean lagunek ere esaten ziguten: `Zoratuta zaudete, nola antolatuko duzue errekan hori? Ez da inor ere joango'», kontatzen du Txomin Aranbarri zuzendariak. Baina azkenean denborak arrazoia eman die eta egunero norberaren begiez frogatu daitekeen moduan, gero eta arrakasta handiagoa dute uretako jarduerek itsasadarrean. Lehen bi urteak «kaskarragoak» izan ziren, jende gutxi joaten zen, baina gero, ahoz ahozkoaren eraginez edo, hirugarren urtean jende gehiago animatzen ari zela ikusi zuten.
Uraren kalitatea urtero hobetuz doala dio Aranbarrik. «Jendeak ez digu sinisten baina ura gardena da, garbi dago. Kanpotik kolore berdea ikusten da batzuetan eta uste dute kutsadura dela, baina ez». Urak oxigenazio maila altua du eta horrek errekan bizitza sortzea eragiten du, horietako bat alga. Paretetan eta hondoan hazten da, eta urak kolorea hartzen du. Urtero animalia espezie gehiago ikusten dituztela kontatzen du, «arrain ezberdin piloa dago».
«Paseoa bukatu eta gero, gehienak uretara sartzen dira». 80 metroko pantalana dute enpresa parean, eta bertan bainatzen da jendea. Dutxa bat dute gainera. «Guk ez dugu errekan zehar bainatzea gomendatzen, industrializatua izan da eremua eta beti aurki dezakezu zerbait. Gu gauden lekuan sakonera oso handia da, zazpi metro inguru, eta hor bainatzera animatzen dugu jendea, beti txalekoarekin». Badaude nazka ematen dietenak bai, baina askotan gertatzen da nazkarekin doazenak ere azkenean uretara sartzen direla. Ikastoletatik taldeak joaten direnean, etxean beti esan diete kontuz urarekin, baina gero eurek ikusten dute ondo dagoela, eta denek bukatzen dute uretan.
Martxoan hasi eta urria amaitu arte piraguen alokairua da eskaintzen duten jarduera nagusia, aktibitate gidatuak daude eskolentzat. Irteera gidatuetan zubien historia, errekatik ikus daitezkeen eraikinen historia, errekari buruzkoa. Ohiko ibilbidea Euskalduna jauregi aldamenean dagoen Itsas Museoan piragua hartu eta udaletxeraino edo Arriagaraino joan-etorria egitea izaten da. Ibilbide luzeagoa egin nahi dutenek, San Anton zubiraino heltzeko aukera ere badute. Norberak erabakitzen du noraino joan, eta prezioak alokairuaren denbora tartearen araberakoak izaten dira. Bilbobenturak bisita gidatuak ere eskaintzen ditu. Bilbo-Bilbo (San Anton zubiraino) eta Bilbo-Bizkaia Zubia (furgonetaz egiten da buelta), esaterako. Adin guztietako jendea animatzen da uretako jardueretara, gehienbat familiak eta kuadrillak, baita bikoteak ere. 80 urte inguruko jendeak ere piraguak alokatzen dituela dio Aranbarrik. Ostiral gauetan, Bizkaiko hiriburua farolen argipean ikusteko, ordu eta erdi inguruko irteera gidatuak eskaintzen dituzte. Irailaren bukaera arte eskaintzen dute zerbitzu hori, tenperatura aldaketa dela-eta.
Interes orokorreko planak sustatu eta garatzeko helburuarekin sortu zen Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa. Aurten, 99.000 euro jarriko ditu ibaiertzeko udalerrietan sustatu eta garatzeko 2013ko jardueretan. Aurtengo aktuazio plana eta babestu eta diruz lagunduko dituen proiektuak onartu ditu. Bilboko eta erriberako bederatzi udalerritako (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena) eta Portuko Agintaritzako ordezkariek osatzen dute Fundazioa.
Barakaldon, errekako eta herriko iragan eta orain industriala gogoratzen dituzten ibilbide gidatuak, historia eta ingurumena ardatz dutenak, lagunduko ditu Fundazioak. Ontzian ibilaldia, Kadagua errekaren bokaletik Nerbioikora, Abra badian. Bilbon, Stand Up Paddle (SUP) kirolaren praktika, Bwaters Kirol taldeak sortutako SUP eskolaren bidez; eta arraunaren erabilera eta praktikaren garapena, hastapen eskola baten bidez, Deustuko Arraun Taldearen eskutik. Proposamen horiekin Bilboko erreka sustatu eta dinamizatu nahi dute, bertan egin ahal diren kirol jarduerak bultzatuz. Erandion piraguen doako mailegu zerbitzua dago, RKAbenturak eskainia, Erandioko kaitik. Getxon, Espainiako Laser Radial txapelketa, Abra-Real Sporting Clubak antolatua, eta Areetako Bandera estropada.
Leioan Udondoko zubiaren ondare balioa hedatu nahi dute sare sozialen bidez, kultura ikasgelan, udal aldizkarian, udaletxeko webgunean, eta eskoletarako koaderno didaktiko gisa erabiliz. Portugaleteko XXXIII. Banderaren ospakizuna, San Miguel Ligaren barruan, San Nikolas Arraun Klubak antolatuta. Santurtzin itsasontzi turistikoentzat pantalana jarriko dute, nautikoko kaian. Sestao Ambilamp VI. Bandera babestu dute. Zierbena: arraunaren hastapenak eta hobetzeko doako ikastaroak Zierbena Aerekin; hastapenak urpekaritzan, Itxas Dive klubarekin; eta kultur jarduerak, baita flora, fauna argazkilaritza eta historia tailerrak ere.
Eta Bilboko itsasadarra bizirik badago, zeresanik ez Irantzuko lurretan kokatzen den Allozko urtegia. Nafarroako bioaniztasun handiko urtegi honi bizia dario, ez soilik eskaintzen dituen ekintza ugariak direla-eta. Ipuin eta kondairetako kokaleku izan zitezkeen ur urdinetan hainbat espezie topatu daitezke, han-hemenka, igebelar artean azaltzeko aukera handia baitago. Zehazki, Allozen ubarroiak, uroiloak, basahateak, murgil handiak, antzarak, eta lertxun hauskarak bizi dira. Hauek guztiak begiztatzeko bisita ornitologikoa eskaintzen dute bertan. Salado eta Ubagua ibaien bokalean piragua kamuflatu bat eta prismatikoak uzten dizkiote bisitariari, baita monitore baten laguntza eskaini ere. Horrez gain, hasiberriei belan eta piraguan ibiltzen ikasteko jarraibideak ematen dizkiete. Haatik, jarduera berritzaileagoak ere badira, Bilbon bezala, urtegi honek ere Amerikako kostaldean arrakasta handikoa den SUP delakoa eskaintzen baitu iaztik. Kirol hau ur gainean surf taula batean arraun baten laguntzarekin ibiltzean datza. «Harrera ezin hobea izan du kirol honek, iaz oso ona, eta aurten, egia esan, sekulako arrakasta lortu du», azaltzen du Txaro Apeztegia arduradunak. Horrez gain, windsurfa ere egin daiteke Allozeko urtegian. Ekintza hauek guztiak ekainetik irail bukaera arte eskaintzen dituzte.
A. Gartzia