GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Plentziako jaiak

Antolintxu eta Madalentxu, berriro plentziarren artean

Pasa den ostiralean hasi ziren Plentziako sanantolinak, beti bezala, bi pertsonaia horiei harrera egin, eta herri guztiarekin batera Andra Mari elizara igoz. Jaietarako aurrekontua nahiko murriztu arren, tradizio eta ikono nagusiek bere horretan diraute, nekazaritza azokak, esaterako.

p062_f02.jpg

Mikel PASTOR | PLENTZIA

Uribe Kostak, Plentziak, zehazki, beste bi kide ditu dagoeneko bertako herritarren artean. Ez dira bisitariak, ezta urruneko tokietatik etorriko turistak ere, Antolintxu eta Madalentxu baizik, San Antolin jaietako bi pertsonaia nagusiak, alegia.

Bi pertsonaia hauen papera herriko emakume eta gizon batek jokatzen dute, hurrenez hurren, hautaketa demokratiko bezain bereziaren bidez: plentziar guztien bozen bidez. Uztail eta abuztuan zehar, hautestontziak kokatzen dituzte herriko auzo guztietan, auzotarrek bertan sartzeko urte horretan gehien nabarmendu den norbanakoaren izena daraman papertxoa. Jaiak hasi baino egun batzuk lehenago, kutxak bildu eta boz gehien jaso dutenen artean bat aukeratzen da, herriko kirol eta kultur elkarteen iritzia jasoz, baita jai batzordearena ere.

Hautaketa era berdina izan arren, bi pertsonaiak ez ziren momentu berean agertu. Antolintxuren figura 1987. urtean agertu zen, eta urteetan zehar bakarra izan zen jaietan. Hogei urte pasatu behar izan ziren, 2007ra arte alegia, Madalentxu jaio arte, berdintasunaren bidean beste urrats bat eginez.

Ricardo Frances Jai Batzordeko kideak GARAri azaldu zionez, Bilboko Aste Nagusian txupinerak eta pregonerak jokatzen duten antzeko papera dute Plentziako bi protagonista nagusiek: «Bai, ezberdintasunak gora eta behera, antzeko jokatzen dute laurek. Antolintxu eta Madalentxu ekitaldiz ekitaldi joaten dira, euren presentziarekin hauek indartuz, edo garrantzi ezberdina emanez».

Halere, zenbait ezberdintasun ere badaude: «Plentziako kasuan, bi pertsonaiek ez dute traje berezirik eramaten. Gure kasuan askoz klasikoagoak gara. Antolintxu euskal jaka tradizionalarekin janzten da, Gasteizko blusen antzera, eta Madalentxuren kasuan, arrantzale trajea eraman ohi du, baina nahi duena aukeratu dezake».

Bien etorrerarekin, pasa den ostiralean hasi ziren sanantolinak. Harrera egin eta txupinazoa jaurti ondoren, herriko kuadrillak -gazte, heldu edo nagusiak izan- fanfarre, txistulari eta dantzariekin batera, erromerian egin zuten bidean gora, 600-700 metrora dagoen Andra Mari elizaraino.

Diru gabe, tradizioak tinko

Ricardo Francesek agertu zuenez, krisiak eragin nabarmena izan du jaiak antolatzeko orduan, aurrekontuak %35 murriztu dira-eta. Horiek horrela, kontzertu ezagun eta potenteak alboratzea erabaki dute, eta kontrara, jende andana biltzen duten betiko tradizio horiek mantentzea eta indartzea.

Bide horretan, gaur egingo den nekazaritza azoka bere 121. ediziora helduko da. «Plentziako Bizkaiko azoka zaharrenen artean ageri da, nahiz eta publiko handiak ez jakin. Gernikaren atzetik, hemengoa da urte gehien dituena», dio harrotasunez Francesek.

Era berean, euskal jantzi tipikoen desfileari ere eutsi diote. «Bizkaitik, eta oro har, Euskal Herri osotik etortzen dira bisitariak, ospe handia dauka-eta», azaldu ziguten Jai Batzordekoek.

Urtero egiten ziren beste zenbait ekintza, su artifizialak edo zerupeko margo txapelketak, kasu, ez dute zorte bera izan, eta bertan behera utzi behar izan ditu Udalak. «Pena bat da, azkenean giro polita sortzen zelako bietan, baina ekintza garestienak ziren, eta egoera ekonomikoa ikusita, alboratzea erabaki da. Ez da erraza izan, baina ez dugu beste irtenbiderik aurkitu», azaldu zuen Francesek.

Bi egun daramate jada Uribe Kostakoek jaietan bete-betean sartuta. Burutu diren ekimenen artean, arrakasta berezia izan du atzo goizeko marmitako txapelketak: «Urtez urte parte-hartzaileen kopuruak gora egiten du, eta aurten 120 lapikotik gora izan ditugu, eta oso maila onekoak». Marmitakoarena ere tradizio zaharra da, 1972. urtetik egiten baita kostaldeko herri honetan.

Musikari dagokionez, The Kul Show eta DJ Kul aritu ziren atzo astilleroan. Gaur ordea, Zimmerband Bob Dylan handiari omenaldia egiten dion taldearen rockarekin, eta etxean aritu den Rotabator taldearen ska erritmoekin gozatzeko parada izango dute plentziarrek.

Asteartean esango diete agur aurtengo sanantolinei, astilleroan. Lehendabizi, Urrezko Espartina banatuko diete jaietako proba eta ekimenetan puntu gehien lortu duten kuadrillei. Ondoren, ilunabarrean, aurtengo Antolintxu eta Madalentxu gabarra batean igoko dira, eta auzokideei agur esango diete errekan gora galduz, hurrengo urtean berriro ere beste auzokideren baten azalean berrindartuta itzultzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo