GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Koldo Zuazo Hizkuntzalaria, EHUko irakaslea

Agur, Jean

Denok omen gara jatorrak eta atseginak lagun artean ostatutan. Lanean ezagutzen omen da nolakoa den pertsona benetan. Lanean agertzen omen dira gure egoismoak eta gure zitalkeriak. Lanean azaltzen omen dira barruan dauzkagun sorginak eta deabruak.

Lanean ezagutu nuen Jean Haritxelhar eta, gainera, nire nagusia izan zen. Bazeukan zitala eta garratza izatea eta aginte makila erabiltzea: hura Bordeleko Unibertsitateko katedraduna zen eta ni, berriz, izenik gabeko irakasle gazte hasiberria. Eta ostera, ez zuen sekula horrela jokatu. Batere dudarik gabe, hura izan da sekula nire bizi guztian eduki dudan nagusirik hoberena.

Sekula ez zidan agindu hau edo hori egiteko. Astero elkartzen ginenean, zer egitea pentsatzen ote nuen, eta nola eta zergatik egingo ote nuen galdetzen zidan. Ondoren bere iritzia esaten zidan eta, azkenean, neure esku uzten zuen erabakia.

Lanean ez eze, ikasketetan ere nire nagusia izan zen. Haritxelharrek zuzendu zuen nire doktoretza tesia. Berdin jokatu zuen orduan: berak ezer agindu gabe, zer egin nahi ote nuen, eta nola eta zergatik galdetzen zidan. Eta bere iritziak eta bere zalantzak agertu ondoren, neure esku uzten zuen azken erabakia.

Azken batean, ez nintzen haren agintepeko robot bat izan, haren aginduak itsu-itsuan bete behar zituen morroia. Gauzak aztertu beharra edukitzen nuen eta, ondoren, erabakiak hartu beharra. Horri esker heldu nintzen pertsona bezala eta horri esker sendotu zen nire nortasuna. Hori da Jean Haritxelharri zor diodan gauzetako bat.

Bestalde, hainbeste eta hain eskuzabal lagundu zidan gizonak ez zidan sekula ezer eskatu ordainetan. Sekula ez zidan esan berari emateko botoa edo bere alde jokatzeko honetan edo hartan. Libre utzi ninduen eta neure esku eduki dut beti haren alde egin edo ez. Oraingo honetan bezala.

Norbait hiltzen denean, esaera bat aipatzen da: «inor ere ez da betikoa». Eta hala da. Lehenago edo geroago denoi etortzen zaigu alde egiteko ordua. Baina denok alde egiten dugun arren, pertsona jakin batzuen ideiak eta jokabideak geratu egiten dira. Jean Haritxelhar joan da, baina hark erakutsitakoa, harengandik jasotakoa niregan irauten du. Jaso beza nire agurra eta esker ona Bordeleko nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo